UDALETIK 04-12

2018-04-12
UDALETIK 4-12 1.- OSOKO BILKURA, BARIKUAN 18:30ETAN Bihar, barikua, arratsaldeko 18:30etan, Lekeitioko Udalak Osoko Bilkurarako deia egin du. Bertan eztabaidatuko diren gaien artean egongo da San Andres auzoa berritzeko emango diren hurrengo pausuak. Auzoan aurreikusitako urbanizazio obra egin ahal izateko, udalaren aurrekontua aldatu behar da. Alde batetik, San Andres berrizteko 1.800.000 euro gehitu behar zaizkio aurrekontuari eta, bestetik, diru kopuru hau lortzeko banketxe kreditu bat onartu. Gai honen inguruko eztabaida eta hala badagokio onarpena, bihar 18:30etatik aurrera Lekeitioko Udalean. 2.- LEKEITIOREN LAGUNKOITASUNA NEURTZEKO INKESTAK Lekeitio adineko pertsonekin lagunkoia bada, adin guztietarako izango da onuragarri, DENONTZAT beraz. Horretarako herritarren iritzia garrantzitsua da, berdin da zein adin izan. Udalak otsailean hasitako partehartze prozesuarekin jarraitzen du eta egunotan herritarrek aukera izango dute inkesta bat erantzunaz “Lekeitio lagunkoia” proiektuaren prozesuan partehartzeko, hala egin ez badute otsailean eta martxoan egondako talde fokaletan. Udaleko webgunean eta sare sozialetan inkesta zintzilikatua dago jada, “Lagunkoitasunari buruzko galde- sorta” atalean, momentuan erantzunak bidaltzeko.  Herritar bakoitzak bere etxean jasoko du inkesta gutun bidez zehaztapen guztiekin: nola eta non entregatu,… Herriko beste hainbat tokitan ere inkestak eskuragarri egongo dira, horien artean, udal eraikinetan baina baita ere anbulatorio edota botiketan. Gainera, hauetan “Lekeitio Lagunkoia” logoa duen buzoiak jarriko dira. Ateratako ondorioen txosten hau ekainaren lehenengo astean herritarren aurrean aurkeztea aurreikusten da. 3.- ZAPRAN GAGOZ: MARATOI MUSIKALA ETA KANTU BAZKARIA, ZAPATUAN Zapatu honetan, apirilak 14, Musika Maratoia ospatuko da Zapran Gagoz! Euskal Eskola Publikoaren jaiaren barnean. Goizeko 11:30etatik hasita, plazan hainbat ekintza egingo dira egunean zehar. Ondoren, 19:30etan Aittita Makurra txarangarekin txurrun-txurrunka joango dira plazaraino. Eta bertan, ospakizunei amaiera emateko, Salsa eta Atzekabe triki-rock taldeen ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da. Beraz, animatu eta etorri Euskal Eskola Publikoaren Maratoi Musikalera! 4.- IKUSGARRI ZINE ARETOA: ERREPORTAIA Ikus-entzunezko kultura jasotzea oso garrantzitsua da gizartearentzat. Musika kontzertuek, pelikulek edota antzerkiek beste mundu batzuk erakusten dizkigute. Egileek sortutako istorioak eta esperientziak modu erakargarrian helarazten dituzte. Eta une batez, haien lekuan jartzen gara. Hori da hain zuzen Zinemazale Elkarteak egiten duena asterik aste. Gainera, zinemak Lekeitioko Zinemazale elkartearen eskutik, astebururo jartzen du proiektorea martxan, haur eta nagusientzat zuzendutako filmak programatuz. Azpimarratzekoa da, inguruko herrietan ez dagoela jada zine aretorik irekita. Bestalde, azken estreinaldiko pelikulez gain, datozen hilabeteetan Ikusgarri Aretoak punta puntako kultur eskaintza zabala eskainiko du. Etorri eta gozatu Ikusgarri Zine Aretoaren eskaintza zabalaz! EL VIAJE DE SUS VIDAS John-ek (Donald Sutherland-i) erraz galtzen du arreta, baina ekina da; Ella (Helen Mirren) ahula baina zorrotza da. Zaharrak dira biak eta berrogeita hamar urte daramatzate elkarrekin, baina medikuen eta seme-alaben presio itogarriari ihes egitearren, prest daude bidaian abiatzeko autokarabana zahar batean … EGURALDIA DATOZEN EGUNETAN EGURALDIA HOBERA EGITEN JARRAITU ETA UDABERRIA ITSULIKO DA. Egunaren lehen partean euria sarri eta ugari egiten jarraitu du, goizean zehar atertzera egin eta arratsaldean ostarte batzuk zabaldu dira. tenperatura igo eta balio altuenak 13-15 ºC ingurura iritsi dira. Barikuan ateri hasiko dugu hodeiekin eta ostarteekin. Goizak aurrera egin ahala hodeiak ugaritzen eta iluntzean zaparrada batzuk botako ditu noizbehinka trumoitsuak.. Zapatuan “Eskolako jaian” eguraldi lasaia espero dugu. Euririk ez dugu espero eta tarte eguzkitsuak izango ditugu. tenperaturan ez da nabarmentzeko gorabeherarik espero. Domekan hodeitsu egongo da eta ez du euririk egingo. Astelehen lehen orudetan agian zertxobait buzti dezake baina eguerdirako giro eguzkitsua gailenduko da. Asteartetik aurrera udaberriko giroa izango dugu.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak