Zientzialari 52 – Iñigo Azua: “Planetako izaki bizidun ugariena duela 25 urte ezagutu genuen”

2016-07-06
Pelagibacter ubique gure planetako izaki bizidunik ugariena da. Hala ere, itsasoan bizi den bakterio hau ezezaguna zen guretzat duela 25 urte arte. Itsasoa planetako ekosistemarik handiena da, eta birus, bakterio zein protozoo ugari bizi dira bertan, baina oraindik ez daukagu informazio gehiegirik haiei buruz. Aste honetako elkarrizketan itsasontzi batera igo gara Iñigo Azua UPV/EHUko ikertzailea eta irakaslearekin, itsasoan bizi diren mikroorganismoez galdetzeko. Zientzialari hau Malaspina izeneko espedizioan egonda dago itsaso azpiko biodibertsitatea ikertzen. 'Zientzialari' izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin. Zientziari buruzko informazio gehiago topa dezakezu euskaraz zientziakaiera.eus/ orrialdean.