UDALETIK 06-14

2018-06-14
UDALETIK 6-14 1.- ZAPATU HONETAN, LEKEITIOKO XXVI. TRIATLOIA Zapatu honetan., Lekeitioko 26. triatloia ospatuko da arratsaldeko 17:00tan. Garraitz Kirol Taldeak antolatuta, Euskadiko Txapelketaren parte den triatloi honetan, 750 metro igeri, 21km bizikletan eta 5km korrika egin beharko dituzte izena eman duten 460 parte hartzaileek.  2.- KIROLDEGIKO UDAKO IKASTAROEN IZEN EMATE EPEA IREKITA ETA ORDUTEGI BERRIA Uda honetan spinning, pilates, ballet, yoga, zumba edota igeriketa ikastaroak egin nahi badituzu, beste hainbat kirolen artean, zatoz kiroldegira! Kirol eskeintza zabala duzu. Izen-emate epea irekita dago jada eta azken eguna ekainaren 24a izango da. Zeren zain zaude? Eman izena kiroldegiko udako ikastaroetan!  Bestalde, gogoratu, kiroldegiak udako ordutegia izango duela uztailetik aurrera. Aurten gainera, Santi Brouard Kiroldegia domeka goizetan ere zabalik egongo da. 3.- SAN JUAN TALAKON TXIRINGITOA IPINTZEKO SUBASTA IREKI DA ETA POLTSA ORGANIKOAK BANATZEKO MAKINA MARTXAN Alde batetik, San Juan Talakoko eremuaren erabilera ustiatzeko eskaintzak aurkezteko epea ireki da. Bertan, edari eta beste produktu ontziratuak saltzeko txiringitoa ipini eta ustiatzeko aukera egongo da. Ekainaren 26ko 14:00etan amaituko da eskaintzen aurkezpen epea. Informazio gehiago www.lekeitio.eus webgunean. Bestalde, bostgarren kontenedorean erabiltzeko, poltsa organikoak banatzeko makina jarri dute merkatu plazan. Hori horrela, makina honetan herritarrek kontenedoraren txartela erabiliaz, bi hilabetetik behin 40 poltsako sorta bat doan hartzeko aukera izango dute. 4.- BIHAR KURIK-EN AURKEZPENA, EZ DOK HIRUREN IKUSKIZUNA ETA DANTZA EMANALDIA Bestalde, bihar, KURIK liburuaren 3. zenbakiaren aurkezpena izango dugu Azkue Aretoan arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Lekeitioko historia eta kultur ondarea jorratzen duen liburu honetan hainbat artikulu eta kontakizun aurkitu ahalko ditugu. Zeintzuk diren jakin nahi baduzu, hurbildu aurkezpenera eta lortu zure alea 20 euroren trukean! Salgai daude baita ere jada betiko lekuetan. Eta ondoren 19:30etan Ballet eta Jazz Funky-ko ikasleek urtean zehar egindako lana erakutsiko dute kiroldegiko frontoian, XII. Dantza Emanaldian. Ostirala borobiltzeko, 20:30etan Ez Dok Hiruren ikuskizuna egongo da Ikusgarri Zineman, sarrerak salgai Traola Estudioan eta Kultur Etxean 10 euroren truke. 5.- ZINEA JURASSIC WORLD: EL REINO CAÍDO Igaro dira lau urte Jurassic World suntsitu zutenetik kontrola galdutako dinosauroek. Orduz geroztik, Nublar irlan, dinosauroak baino ez dira bizi. Uharteko sumendia erupzioan hastean, Owen (Chris Pratt) eta Claire (Bryce Dallas Howard) hara itzuliko dira, dinosauroak erreskatatzera, eta bertan izango dute planeta arriskuan jar dezakeen konspirazioaren berri. 6.- EGURALDIA Gaur, eguraldiak hobera egin du. Goiz partean hodeiak gutxitu egin dira eta gauean ostarte handiak nagusituko dira zeruan. Bestalde, iparraldeko haizeak tenperatura maximoak 20 ºC inguruan utzi dizkigu. Ostiralean giro eguzkitsua izango dugu egun osoan zehar. Gauerako behe-hodeiak ugaritzen joango dira eta norabide aldakorreko haizea ibiliko da. Tenperaturen igoera nabaria izango da tenperatura maximoak 3-5 ºC altuagoak izango dira. Astebururako iparraldeko haizeak hezetasuna ekarriko du itsasotik eta honek tenperaturen beherakada eragingo du. Zeruari dagokionez, hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, baliteke egunean zehar zertxobait bustitzea baina ez da prezipitazio handirik espero. Datorren asteari begira, ez da euririk aurreikusten. 7.- (ETA AMAIERAN…) ERREPORTAJEA: URIBARREN JAUREGIA HOTELA Silken Hotel kateak, Lekeition lehenago Emperatriz Zitaren hotela bezala ezagutzen zenaren ateak berriz ireki ditu, orain Uribarren Jauregia Hotela. XIX. mendean leku berean kokatuta zegoen jauregiaren izena hartu du. Aurreko ostegunean, orain dela aste batzuetatik martxan dagoen hotelaren inaugurazio ofiziala izan zen. Hotelaren kanpoaldea mantendu egin da baina barruan berritze lanak egin dira. Hotelaren irekierak, lanpostu berriak ere sortu ditu, Lekitto eta eskualdeko batzuk ere bertan ari dira lanean. Silken kateak, beste 31 hotel ditu Europan zehar banatuta, horien artean Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak