UDALETIK 10-18

2018-10-18
UDALETIK 10-18 1.- UDAKO BALANTZEA Iraila igarota, heldu da udak Lekeitiora erakarri dituen bisitari kopurua ezagutzeko ordua. Turismo Bulegoak 17 mila bisitari baino gehiago izan ditu uda guztian zehar, gehienak noski, uztailean eta bereziki abuztuan. Hori bai, aurreko urtearekin konparatuz, turismo bulego zerbitzura jo dutenen kopurua jaitsi egin da. Beharbada, teknologia berrien erabilerak informazio bilatzeko ematen duen erraztasuna izan daiteke horren arrazoietako bat. Bestalde, Itsasargiak mila bisitaritik gora jaso zituen, Marierrotak 500 eta Elizak 2 mila inguru. Aldiz, Kittok, Lekeitioko merkatarien elkarteak udaren balorazio oso positiboa egiten dute. Ostalaritzatik ere, udan jende asko ibili dela adierazi dute. 2.- ONDARE JARDUNALDIAK URRIAREN 19TIK AZAROAREN 3RA Aste honetan hasiko dira urriaren 19tik azaroaren 3ra bitartean ospatuko diren ondare jardunaldiak. Aurten, emakumeen emaria izango da antolatu diren ekintzen erdigunea.  Hasteko, urriaren 19tik 21era, bihartik domekara, argazki erakusketa egingo da Barandiaran aretoan, “eguzki dantza edo emakumeen aurreskua Lekeition” izenekoa. Gainera, urriaren 20an, zapatua, goizeko 12:00etan, San Pedropetik hasita “dei eittekuen” irteera eta sareginak lanean izango ditugu. Ondare jardunaldiek azaroaren 3ra arte iraungo dute eta astero hainbat ekintza egingo dira. Adi eta ez galdu gure herriko Kultur ondarea ezagutzeko aukera!! 3.- BEHOBIA-DONOSTIA LASTERKETARA JOATEKO AUTOBUSA Udalak eta Amandarri kirol taldeak, Behobia – Donostia lasterketan parte hartuko duten herritarrentzat joan etorriko autobusa antolatu dute. Izena emateko Kiroldegiko harreratik pasatu behar da eta Kiroldegiko bazkideek 3 euro ordainduko dute autobusagatik eta bazkide ez direnek 5 euro. Azaroaren 11an egingo den Behobia-Donostia lasterketa 1919an ospatu zen lehenengo aldiz. Aurten, 54. edizioa izango dugu eta jada erreferente bilakatu den lasterketak milaka korrikalari batzen ditu urtero. Lekeitiotik autobusa azaroaren 11an goizeko 7:30etan irtengo da geltokitik eta Donostiatik bueltako ordua gutxi gora behera 14:15etan izango da. Lasterketara joatekoa bazara, hurbildu kiroldegira eta eman izena! Apuntatzeko azken eguna azaroaren 9a izango da! 4 – ERREPORTAJEA: 40+1. EUSKAL ZINE BILERAK IKUSLE KOPURU HANDIA ERAKARRI DU Arrakasta handiarekin agurtu da 40+1. Euskal Zine Bilera. Berrikuntza ugari proposatu zituen edizioak, bere irabazleak eman zituen ezagutzera aurreko ostiralean. Lehiaketan izan diren 20 film laburren artean, Pello Gutierrezek zuzendutako “Zain” izan zen film onenaren saria eta urrezko antzarra eraman zituena. Era berean, zuzendaritza onenaren saria, Miren Mujikaren “Shell Phone”-ek irabazi zuen eta gidoi onenarena Igor Rezolaren “Fabrikak”. Bestalde, aurten lanak ikusten zinemara joan direnek, haien botoekin Ikuslearen saria erabakitzeko aukera izan zuten, eta irabazlea Eukeni Arriortuaren “Pastoreak” dokumentala izan zen. Aipagarria ere, Lekeition edota lekeitiarrek grabatutako irudi zaharren erakusketak izan zuen harrera ona, ganbaretan ezkutuan zeuden irudiak berriz argia ikusi eta herritarrengana hurbilduz. Era berean, ehun ikusle inguru batu ziren lehiaketaren egun bakoitzean Ikusgarri zineman, azken urteetako kopuru handiena. Zalantzarik gabe, ikusleak izan dira aurtengo Euskal Zine Bileraren protagonistak.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak