ZientziaKutxa | XIX.mendeko belaontzi batean bizi, esploratu eta ikertu
2021-06-24
XIXgarren mendeko bergantin batean hegoaldera egingo dugu bidaia hitzaldian. Malvinas edo Falkland uharteetik Antartikaraino eramango gaitu Maria Intxaustegik bere espedizio gida lanak eta ikerkuntzak azaltzeko. Shackelton, Scott, James Cook, Francis Drake, Elkano eta beste hainbat esploratzaile ditu lagun; beren pausoak eta nabigazio erabakiak aztertzen ditu Antartikako Weddell itsasoan, -15ÂșC-tan 37 metroko masta batean igota dagoela, izotza eta izeberren artean itsasontziari igarobidea bilatzeko.
Mariak itsasoan igaro zuen konfinamendu garaia, Bark Europako eskifaiarekin bizitako abenturan. Otsailean, Ushuaiara bueltatu ziren Antartikatik. Bi hilabetez mundutik at konexiorik gabe egon ondoren, pandemiaren berri izan zuten lehenengoz. Koronabirusa munduan zabaldu zen eta muga guztiak itxita zeuden. Hego hemisferioan negu beltza eta gogorra zetozen, eta erreserban zuten erregai eta janariarekin erabaki erradikal bat hartu zuten: Holandara bueltatzea, eskalarik gabe eta haize oihalek bakarrik lagunduta, garai bateko nabigatzaileak bezala. 81 egun eta 10.000 milia baino gehiago egin zituzten hegoaldetik iparralderaino Atlantiko osoa zeharkatuz. Bark Europa belaontzian eskifaiak bizitako esperientzia The Voyage (Richard Simko, 2021) dokumentalean biltzen da eta hitzaldiaren ondoren proiektatuko da.