Sondikako historia 2: Gerra, gerraostea eta diktadurea

2019-06-24
Ez dago esan beharrik, gure lekuko nagusienentzat hiru urteko gerra zitala izan dala bizikizunik lazgarriena. Denpora-tarte horretan bizirik irautea zan helburua baina ez zan erraza: bonbardaketak, gorrotoa eta ikusiezinak, kartzelako egonaldiak... Preso eroan ebenetako bat orduko alkatea izan zan: Mateo Bidaurrazaga. Egoera larri horrek eraginda, familia askok preminazko gauzak gurdian sartu eta alde egin beharra izan eban, batez bere Ezkerraldera. 1937ko udabarrian euskal agintariek antolatutako umeen eta helduen erbesteratzeak hasi ziran: Frantziara, Ingalaterrara, Errusiara... 71.000 pertsona inguru joan ziran atzerrira. Hauxe izan zan gerrateko gertaera negargarri eta hunkigarrienetarikoa: familiak deseginda, neba-arrebak bananduta... Sondikako umeak be tarteko izan ziran. Gerrea gogorra, latza, bortitza... izan zan, baina ostean etorritakoa ez zan hobea izan: gerraostea eta diktadura luzea. Gosea, errazionamentu kartilak, estraperloa, euskeraz egitea galerazota, kartzelako egonaldi luzeak, eskolako zigorrak eta derrigor betebeharrekoak... Hamarkada asko joan dira baina ezin ahaztu bizi izandakoak!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak