Atera mihia (Leire Bilbao)

2021-12-03
"Haurren aurrean helduok heldu" ekimenerako Leire Bilbao idazleak sortutako testua da "Atera mihia" --------------------------------------------- Atera mihia. Ez itzazu hitzak gorde. Atera mingaina, erakutsi lasai. Zabaldu ezazu basoa bailitzan. Legatuan jaso duzun oihana. Pago, haritz eta urkiz jantziriko aintzinako basoa. Bidezidor eta errekastoz josia. Bizia, jostalaria. Zaintza eta mantenua behar duela ahazteke. Erakutsi ezazu, atera kanpora. Utzi bertan bizi diren hitzei, animaliak bezala korrika joan daitezen, adarretan pausatzen, errekan bustitzen, hegan egiten. Atera mihia. Erakutsi zeurea. Zertarako ezkutatu oreinak ehiztariei nola. Miazka itzazu kaleak, milikatu hormak, busti itzazu zeure lengoaiaz. Busti zeure listuaz zure umeen musua, animaliek egiten duten legetxe berea dena markatzeko. Hau da nire territorioa, hau da airean marraztu dudan bidea, hauek lokatzez zipriztindutako oinatzak. Hau nire etxea. Atera mihia. Erakutsi mingaina harro. Heldu haurrei eskutik eta zoaz mendian barrena. Zuhaitzek zabalduko dizute bidea. Bilatu euren adarretan saltoka katagorriak, urtxintxak, katamixarrak. Jaso gaztainondoen, ezkien, ametzen orbelak. Gorde ezkurrak eta gaztainak poltsikoetan, gutxien uste duzunean eskuetan estutu behar dituzunerako. Atera mihia. Igo ezazu mendia balitz bezala. Egizu tontorra. Hobe lagunekin bakarrik baino. Zure adinkide, belaunaldi eta baita bidea erakutsi dizuten nagusiagoekin ere. Osatu mendilerroa, mendiz mendi, non ibili izan dezazun, non galdu, non babestu. Sortu mendikatea. Atera mihia, ekialdetik mendebaldera. Irten daitezela berbak paseatzera. Ez daitezela joan kontrako eztarritik. Ez utzi zintzurrean trabatzen, hartzaren kobazuloan lo. Utzi tximeletei bezala hegan ateratzen, izan daitezela mitxeleta hego zabal, izan daitezela marisorgin, mitxirrika, jainkoilo, altxabili, txilipaitana, sorgin-oilo, kalapitxi, bitxilore, pinpilinpauxa. Ez dadila oihana basamortu izan. Atera mihia, goazen baso eder horretan zehar paseatzen. Hizketaldi guztiak dira pasiera, elkarrizketa guztiak bidaia edo ibilaldi. Eskain iezaiezu baso bat umeei, etxeko eta lagunei, arnasa hartzeko oihana, ibiltzeko mendia. Geldi gune zein arnas gune. Bizia, berdea. Zuhaitz batera igo eta handik munduari begira jartzeko. Leire Bilbao
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak