#AHTrikEz 3.000 lagun tren publiko eta sozial baten alde

2017-11-11
Herri eta eskualdeak lotuko dituen trena eskatu dute gaur arratsaldean, Trena bai, AHT ez. Herriak erabaki! lelopean, Trenaren Aldeko Ekinbideak plataformak antolatutako manifestazioan. Plataformako kide Julio Villanuevak iragarri duenez, datozen asteetan protesta ekintza gehiago egingo dituzte. Arratsaldeko bostak pasatuta atera da, Gazteluko plazatik, abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa. Herritarrez gain, zenbait alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileetako ordezkariek ere hartu dute parte, tartean, EH Bilduko parlamentari Adolfo Araiz, Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Eduardo Santos, Ezkerrako Marisa de Simon eta ELAko Nafarroako koordinatzaile Mitxel Lakuntza. "Amalurra defenda dezagun" eta "Trena bai, AHTrik ez" oihukatuz osatu dute Gazteluko plazatik Merindadeetara eta ondoren Sarasate pasealekurainoko bidea. Rakel Alvarez Tafallako EH Bilduko zinegotziak irakurri du manifestazioa antolatu dutenen artean adostutako adierazpena. Azaldu duenez, abiadura handiko trenaren aurka egiteko "hamaika arrazoi" daude. "Pribilegiatu batzuk trenean minutu gutxi batzuk lehenago iristeko, gizartearen zati handi batek pairatu beharko ditu murrizketak", ohartarazi du. Hala, oraindik proiektua bertan behera uzteko "garaiz" daudela iritzita, Nafarroako Gobernuari eztabaida soziala ahalbidetzeko galdegin dio. Izan ere, jakinarazi du eskualdeak modu "eraginkor eta merkean" lotuko dituen trena behar dela.
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak