Sondikako historia 6: 60ko hamarkadan kukuak makur jo eban

2019-06-24
Asko dira 60ko hamarkadatik aurrera aipatu geinkezan jazoerak, baina hiru nabarmenduko doguz: Bilboko Udalagaz bat egitea eta banantzea; 1983ko uriolak; eta azken hamarkadetako indarkeriaren ondorioak. 60ko hamarkadan Bilboko Udalak bere mugak alboerrietara zabaldu gura izan ebazan. Horren ondorioz, 1966. urtean, Erandio, Derio, Zamudio eta Loiugaz batera, Sondika Bilbori anexionau jakon. "Borondatezko anexinoa" izan bazan be, sondikoztarren gogoari baino uriaren interesei gehiago erantzuten eutsan. Honek Bilbori industriarako lur-zorua eskeintzen eutsan eta demografia zabalkunderako aukera barriak. Herriari, ostera, udalak emon ezin eutsazan zerbitzu publikoak agindu jakozan. Baina txakur-amesak izan ziran eta hobekuntza gehienak ez ziran burutu. Horregaitik, prozesu luze eta nekoso baten ostean 1982ko abenduaren 31n lortu eban Bilbotik behin betiko banatzea eta barriro udalerri izatea. Herritarrentzat garaipen handia izan zan. Harrezkero, urigintzaren aldetik, herriak eraldaketa itzela ezagutu dau. Hurrengo urtean, 1983ko abuztuan, Bizkaiko herri asko hondatu ebazan uriolak etorri ziran. Sondikan Sangroniz izan zan kaltetuena, auzoa urpean geratu zan eta urak errotea eta Uretxa baserria eroan ebazan aurretik. Gure herrialdeak azken hamarkadetan bizi izan dauan terrorismoaren ondorio dira Antonio Lopez eta Alfonso Mentxaka herritarren heriotza negargarriak. Horren lekuko da Goiri parkean biktimen oroimenez jarritako oroitarria.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak