Kartzelan ere EUSKARAZ!

2021-12-04
2017. urtean, euskara irakasle talde bat urrundutako euskal preso batzuei euskara eskolak ematen hasi ginen. Garaiko EGA eskuratzea aitzakia hartuta, dispertsioak sortzen dituen kalteetako bat arintzea bilatu genuen, euskara ziega-zuloetaraino eraman eta hizkuntza gaitasunean aurreratzen laguntzea. Baldintza eskasetan aritu ginen zortzi irakasle eta bederatzi preso, baina esfortzuak emaitzak izan zituen: euskarak ziegetako hormak zeharkatu zituen, ikasleak pozik, eta senideak eta gu asebeteta. Gainera, 9ek lortu zuten EGA, titulu mitikoaren azken urtean. Arrakasta ikusita eta beste preso batzuek ere eskaria eginda, gaiari heldu eta deialdia zabaldu genuen, bai barruan, bai kanpoan. Baina orduko hartan euskara maila guztiak kontuan hartuta, B1, B2, C1 eta C2 mailetako ikasleek eman zuten izena. 45 orotara!! Irakasle ezagunen artean deialdia zabaldu eta berehala bildu ginen beste horrenbeste irakasle, guztiak ere euskaltegietan ari garen irakasle ofizialak. Orduantxe hasi ginen HABErekin harremanetan gure ikasleak, euskal herritarrak horiek, ikasle ofizial moduan onar zitzan. Parlamentuan ere izan ginen gure ibilbidearen berri ematen eta presoek euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko duten eskubidea berma zezaten eskatzera. PPrenak ez, beste alderdi guztien hitz ederrak jaso genituen, gure lan boluntarioa eskertzen zuten eta eskubide horiek betetzeko bidea abiatzeko prestasuna erakusteko. Hiru ikasturte joan dira. Eskolak baldintza penagarrietan eman ditugu, lokutorioetan, boligraforik eta paperik gabe, entzumenak lantzeko inolako baliabiderik gabe, idazlanak eta zuzenketak posta bidez eta senideen bitartez helaraziz eta lagunen bisita- zerrendan leku bat guretzat hartuta. Ofizialtasuna eskatu dugu; beste ikasketa batzuk egiteko duten ofizialtasun bera izan dezatela. Baina urte hauetan guztietan hitz eder asko, baina konponbiderik ez. HABEk irakasle taldeari seriotasunez egindako lan ona aitortu badio ere, oraindik ere ikasle presoen matrikula orriek ez dute ofizialtasun mailarik eskuratu. Azken aitzakia presondegietako transferentzia eskuratzean dena konponduko zela izan zen. Espetxe transferentzia jaso berri du Eusko Jaurlaritzak. Une honetan administrazioak berak irakasle euskaltzale eta boluntarioek orain arte egindako bideari jarraipena eman behar diolakoan gaude. Une honetan baditugu 33 presoren matrikula orriak ditugu. Horiei, orain arte bezala, tutoretza egiteko prest gaude. Dena dela, gure aldarrikapenak honako puntuetan bildu nahi izan ditugu: - Euskara jakin eta erabiltzea euskal herritar ororen eskubidea izanik, kartzelan dauden preso guztiei ere duten ikasteko eskubide hori bermatu beharra dago, eta berme hori euskal erakundeei dagokie. - Euskara herri kohesiorako tresna dugu. Zentzu horretan, edozein gizarte prozesutan euskararen ezagutza eta erabilera ezinbesteko osagaiak izan behar dira. - Kartzelak euskaltegi bilakatzeak hormen arteko bizitza harmoniotsuagoa bihurtuko luke. Onurak baino ez lituzke ekarriko. Eta erdi askatasun moldean ere, euskara ikasteak erraz dezake presoak gizartean sustraitu eta euren harreman sareak berregitea. - Oraindik ere Euskal Herritik urrun dauden presoek ez dute euskaraz bizitzeko aukerarik. Hori dela eta, berehala EAE edo Nafarroako kartzeletara ekartzea exijitzen dugu. - Oraindik ere urrun dauden euskal presoek euskara ikasteko eskubidea dute. Euskal administrazioei dagokie berme hori betearaztea. Ondorioz, hainbat arinen bide horretan urratsak ematea exijitzen diegu, dagokionarekin dagozkion hitzarmenak eginda. - Edonola ere, kasu guztietan, euskara ikasteko eskubidea baldintza duinak eskainita eta beste edozein herritarrekiko berdintasunean bermatu behar da.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak