Ibarrako San Bartolome festak 2018: Festa herrikoia

2018-08-25
Xantox Agirrezabala gitarra jotzailearen eta GiroArte dultzaina taldearen laguntzaz, kantu jira bat osatu dute, agurra dantzatuz hasi, eta gero, herriko kaleak zeharkatuz eta txoko desberdinetan geldialdiak eginez. Euriak, ordea, festa izorratu nahi izan du, nahiz eta tanten azpian ere, ausartenak dantza egitera ausartu diren. Eguraldi desatseginak, baina, ez du zapuztu kantatzeko gogoz zeuden ibartarren ilusioa. Azkenean, San Bartolome plazan amaitu dute ibilbidea, zain zituzten herritarrei sorpresa bat eskaintzeko. Sorpresa, hain justu, antzezlan bat izan da. Berezia. "Berez, irailaren 22a da Maite Aranalde preso ibartarraren kartzela zigorraren azken eguna. Espero dugu hemendik hilabete batera, herrian gurekin batera izatea. Hori dela eta, gaurko festa herrikoia, kantu jira eta antzezlana berari eskaini nahi dizkiogu, babesa eman asmoz", azaldu du Onintzak. Antzerkian, euskal presoei bisita egiten dieten bakoitzean, familiek izaten dituzten eragozpen eta zailtasunak irudikatu nahi izan dituzte. Hain zuzen, Aranalderen kasua hartu dute adibide modura.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak