REGGAEAN JARRAIren aurkezpena 2021eko Durangoko Azokan. #RAH

2021-12-07
Ando Azkarai eta Pablo Rodriguezen elkarrizketa Reggaean Jarrai proiektuaren inguruan. REGGAEAN JARRAI - EUSKAL FOLKLORE JAMAIKARRA BILDUMA - 2021 Hau ez duzu ohiko bilduma bat, propio eginiko grabazioek osatua baizik: Euskal herri-musika, jamaikar erara emana. Xehetasuneraino zaindutako edizioan dator REGGAEAN JARRAI: 12 hazbeteko LP mardula, eta berarekin batera egunkari formatuko insert handia, irri egiteko eta hausnarketarako bide emango duena. Hori guztia, bistan da, diseinu dotore askoan. Izenburuak berak dioenez, bi ardatz kontuan harturik sortutako hotsak entzungai: Alde batetik euskal herri doinuak, beste aldetik dantzarako jamaikar erritmo klasikoak. Eta bi ardatz horien baitan nabarmentzeko moduko aniztasuna. Euskararen tradizioa ulertzeko era irekia, bizia, dago hemen; fosiletik ezer ere ez duena. Hiru ildo nabarmen: 1) herri kantu eta dantza usadiozkoak 2) XIX. mendeko egile handien sortak (hemen dira Xenpelar, Bilintx, Iparragirre) eta 3) euskal kantagintza berriaren (60. 70. hamarkadak) zenbait standard (hemen dira Iriondo, Lete, Laboa, Balentzia). Jamaikar oldie ikuspuntutik ere aniztasuna eta egiteko moduen ezagutza sakona nabarmentzekoa da: Ska, rocksteady, skinhead reggae, roots zerbait... taldeek badakite eta maite dute musika hau... Entzulearen harridura, dantza, jolas eta gozamenerako talde bakoitzak bere nahasketa berezia prestatu du. Motzean esatera: tradizioaren sokari tinko helduta eta aldi berean goizeko ihintza bezain fresko. Borobiltzeko aipatu behar da obraren elementu oro bertan errotuak direla: Jakina, parte hartu duten 14 taldeak (14 talde jendetsu!); Grabaketa, nahasketa eta masterra Maule, Bilbo, Anoeta eta Iruñerriko 7 estudiotan burutua. Arte lana ere bertatik bertara egina. Egon une batez: Baita diskoen fabrikazioa bera ere! Hau eusko labela ezpada... Disko hau metafora bat (edo bat baina gehiago) ere bada: Izan eta egin nahi duguna irudikatzeko gaitasuna landu eta garatu beharreko gihar bat dela gogorarazten digu. Horretarako guztiz ezinbesteko eta eskertzekoa izan da Pantx Recordseko lagunek eginiko akuilu lana - 60. hamarkadako disketxe onenen modura: musikariak egin gabe dagoen lana egitera xaxatuz eta lan hori gerta dadin erraztasunak jarriz. REGGAEAN JARRAI AUZOLANEAN izan da egina; Musika eta kultura honen zaleok badakigu konplizeak herri osoan bilatu eta behetik gora saretzen: Bertan da Reggae Oldiearen inguruan lanean dabilen kolektibo oro, bakoitza beretik apurra jartzen. Berdin grabazio estudio eta taldekideek. Kartografia oso bat ateratzen da disko honetako elementuak sortu diren herri eta hiri guztiak mapa batean jarriz gero. Konstelazio bat: Euskararen herriaren mamitze ederra. Botere kuotarik gabe, denok aitzina arraunean bat. Hau ez duzu ohiko “greatest hits” bilduma bat: baina “greatest hits” bilduma bat izango da. Disko hau zera duzu, era kolektiboan eraikitzen ari den une zoragarri honen mugarri bat: Gaurko euskal-jamaikar-oldie eszenaren fotografia ederra. Ion Celestino Manterola Iruñean, 2021eko udan
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak