UDALETIK 03-22

2018-03-22
UDALETIK 03-22 1.- KALATXORIEN POPULAZIOA KONTROLATZEKO KANPAINA Kalatxorien populazioa kontrolatzeko kanpaina apiriletik aurrera egingo da, sasoi honetan jartzen baitituzte arraultzak kalatxoriek. Kanpaina honen bitartez, hegazti hauen populazio handia kontrolpean mantentzea bilatzen da. Lan hau egiteko, herritarren laguntza ezinbestekoa da kalatxoriak lokalizatzeko. Hau horrela, etxeko edota auzoko teilatuetan habiak dauden susmoa duzuenoi, udaletxean hauen berri emateko eskaera luzatzen dizuegu. Jakinarazpena udaletxera bertara etorrita edota udala@lekeitio.eus helbide elektronikora mezu bat idatziz egin dezakezue. 2.- UDALAREN ETA MUSIKAIAREN ARTEKO HITZARMENA MUSIKA FORMAZIOA BULTZATZEKO Lekeitioko Udalak eta MusiKaia Musika Elkarteak elkarren arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Lekeitioko herritarrei zuzendutako musika formazioa sustatu nahi da, herriko musika tradizioa galdu ez dadin eta sormena gizarte garapenerako guztiz aberasgarria delako. Hitzarmen honekin, urtean 25 mila euroko diru-laguntza emango zaio musika elkarteari. Gainera, MusiKaiari bere jarduera aurrera eramateko instalakuntzak ere utziko zaizkio. Era berean, musika elkarteak, urtean zehar hainbat emanaldi egiteko konpromisoa hartu du eta, baita ere, ikasleen matrikula egitean lekittarrei lehentasuna ematea. 3.- HONDAKIN ORGANIKOEN KIT-AK ESKURAGARRI ORAINDIK EZ DITUZTENENTZAT Azaroan jarri zen martxan hondakin organikoaren bilketa Lekeition. Hondakin hori, kontenedore marroietara bota behar da, poltsa konpostagarrietan sartuta. Hauek batzeko etxebizitzetan edukiontzi eta poltsa konpostagarriz osatutako KIT-ak banatu ziren eskaera egin zutenen artean. Oraindik KIT hori ez duzuenok, martxoaren 26, 27 eta 28 eta apirilaren 3tik 7ra, Kultur Etxean jaso ahal izango duzue, goizeko 10:00etatik 13:00tara eta arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara bitartean. 4.- LUMENTZAN GARBIKETA ETA KONPOKETA LANAK EGITEN ARI DIRA Lumentzako ibilbidea hobetzeko lanak egiten ari dira astean zehar. Alde batetik, mendiko bidearen garbiketa egin da, bertara joan nahi dutenek inolako trabarik ez izateko. Bestalde, denboraren joan etorriarekin hondatutako gurutzeak ere konpontzen ari dira. Jakina da udaberriarekin batera, ume eta nagusi asko direla Lumentza mendira joaten direnak, beraz, lan hauek egin ondoren, haien ibilbidea atseginagoa izatea espero da. 5.- ZINEA LA MUERTE DE STALIN Stalinen heriotzaren ostean boterea eskuratzeko borrokaz dihardu pelikulak, modu satirikoan. Diktadorearen azken egunetan (1953) eta hileta aurreko uneetan jartzen du begirada … 6.- LARUNBATEAN DEPRESIO BATEK 7 METROKO OLATUAK ETA HAIZE BORTITZA EKARRIKO DIZKIGU. Gaur giroak hobera egin du orduak igaro ahala. Goizean goiz oraindik ere hodeiak ugariak izan dira, baina goizak aurrera egin duen heinean argitzera egin du eta eguerdi parterako ostarte zabalak izan ditugu. Tenperatura zertxobait gehiago igo da eta balio beroenak 9-12 ºC artekoak izan dira. Ostiralean termometroek beste apur bat egingo dute gora, Eguneko ordu gehienetan hego-haizea ibiliko da eta, oro har, euri txikia espero da. Gauean, aldiz, haizea mendebal/ipar-mendebaldera aldatu eta indartu egingo da; hortik aurrera zaparradak mardulagoak izango dira. Larunbatean depresio baten erdiguneak lurraldea zeharkatuko du. Era horretan haizea oso zakar ibiliko da eta boladak 120km/h muga errez gaindituko du bere norabidea aldatzen joango delarik, goizez hego-mendebaldetik arratsaldez iparraldera. Zeruan hodei ugari agertuko dira eta prezipitazio dezente utziko dute. Adi itsasoan, larunbatean alerta laranja izango dugu 7-8 metrorainoiko olatuekin. Igandetik aurrera egoera asko lasaituko da haizea eta itsasoari dagokionez, baina euri kontuekin jarraituko dugu batez ere igande goizean. Elur maila igandean eta astelehenean 700-800 metro inguruan ibiliko da. Astearterako ez dugu euririk espero.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak