UDALETIK 09-13

2018-09-13
1.- ESKOLETAN HAINBAT BERRIKUNTZA LAN EGIN DIRA UDAN ZEHAR Ikasturte berria hasi da eta ume eta gazteak badoaz berriz ere ikasketekin hastera. Hori bai, aurten berrikuntza nabarmenak aurkituko dituzte ikasgeletan. Ebakuazio plan berriko segurtasun neurriak ziurtatzeko, hainbat lan egin dira udan zehar. Horien artean, eraikin gorriko argiteria berriztu da eta koloreetako eskolan barandailak egokitu, ateen “quitamiedos” deritzen barrak jarri eta ate batzuen tamaina handitu da. Gainera, bi eraikinetan, gorrian zein koloretakoan, alarma sistema berria jarri da ebakuazio sistema hobetzeko. Bestalde, aurreko ikasturte amaieran eskola eta haur-eskolako patioko jolaslekuetan ere hobekuntza lanak egin ziren, haur eta nerabeentzako jolaslekuak hobetuz eta segurtasun handiagoa bermatuz. Guzti honekin, dena prest ikasturte berriari hasiera emateko! 2.- SAN ANTOLIN JAIEN BALANTZEA 2018ko San Antolin jaiak igaro dira eta orain honen balantzea egiteko ordua heldu da. Aipatu beharra dago ez dela izan arrisku larririk eragin duen gertakaririk ezta istilu larririk. Jai lasaiak izan dira. Aldiz, herrian izandako kalte materialak handiak izan dira. Esaterako, plaza azpiko komunetan apurketa larriak egin zituzten eta parkean ere kalte nabarmenak egon dira, hala nola, barandilla zati bat hondartzan botata agertu zen irailaren 2an. Gainera, Antzar egunean, lehen aldiz, koadrila gehienek Antzartek-a erabiltzea aukeratu zuten. Izena eman zuten 90 koadrilen %62ak aukeratu zuen antzar mekanikoa, lehenengo aldiz, antzar naturalaren hautua gaindituz. Nabarmena ere emakume harrapatzaileen kopuruak gora egin zuela, guztira 24 izanez. Bestalde, jaietan beti daude zenbait ekintza besteak baino arrakastatsuagoak direnak. Azkenik, Jai Batzordeko kideak zoriondu behar dira 2018ko San Antolinetarako prestatutako egitarauagatik eta honek izan duen arrakastagatik. Eskerrak eman baita ere ekintzak aurrera eramatea posible egiten duten koadrila, boluntario, talde eta udal-langileei ere. 3.- ASTEBURUKO AGENDA ETA ONDARRU-LEKITTO LASTERKETAN IZENA EMATEKO AZKEN EGUNAK Surf-a gogoko baduzu edota kirol honen inguruko jakin-mina badaukazu, zapatu honetan hurbildu Karraspio hondartzan ospatuko den VII. Surf egunera! Bertan Surf ikastaroak, Axi Muniainen masterclassa, txikisurf txapelketa edota rock and roll kontzertuez gozatzeko aukera izango duzue. Surf munduarekin lotutako egun zoragarria igaro nahi baduzue, etorri VII. Surf egunera! Bestalde, gogoratu Ondarru-Lekitto lasterketan izena emateko azken eguna irailaren 20 izango dela. Tximista Atletismo taldeak antolatutako III. kostaldeko lasterketa irailaren 22an ospatuko  da. 16km izango dituen ibilbide hau Ondarroan hasi eta Lekeition bukatuko da. Gainera, parte hartzaileentzako autobus bereziak jarriko dituzte Ondarroara joan edota Lekeitiotik buelta egiteko. Sartu www.herrikrosa.eus webgunean eta eman izena! Azkenik, kontuan izan kiroldegiko ikastaroetan izena emateko azken eguna irailaren 16a izango dela. Zumba, gap, yoga edota beste hainbat ikastaro egiteko aukera izango duzue bertan, lurrekoak zein uretakoak. Zatoz kiroldegira eta eman izena! 4.- ERREPORTAJEA: LEKITTARRAK EUSKO LABEL LIGARA IGOTZEKO PLAYOFF-AK JOKOAN IZANGO DITU ASTEBURUAN Asteburu honetan, Bermeo eta Portugaleten jokoan jarriko da Eusko Label Ligako playoffa. Hau da, hurrengo denboraldian gorengo mailan egongo diren traineruak zeintzuk izango diren erabakiko dira. Hori artean, noski, Lekittarra ere izango da. Esfortzu handia egin dute gure arraunlariek urtean zehar eta orain, maila igoerarekin ospatu nahi dute denboraldia. Eusko Label Ligako azken aurreko sailkatuak, San Juan-ek, bere lekua defendatu beharko du traineru galiziarren eta ARC ligako Lekittarra eta Astilleroren aurka. Borroka bizia egongo da beraz datorren urtean Eusko Label Ligan egoteagatik! Zorte on Lekittarra! PREDATOR Espazioaren mugetatik hiri txikietako aldirietako kaleetaraino datoz unibertsoko ehiztaririk hilgarrienak; orain, gainera, sendoagoak, zentzuzkoagoak eta hilgarriagoak inoiz baino, beste espezie batzuen DNArekin genetikoki hobetuta … ASTEBURURAKO GIRO EGUZKITSUA ETA TENPERATURA BEROEKIN JARRAITUKO DUGU Gaur giro motelagoa eta freskoagoa izango dugu, tenperatura 25 ºC-tik behera geratu da. Haizea iparraldetik sartu da eta hodeiak ekarriko ditu. Arratsaldearen hasieran zertxobait argitu eta ostarteak zabaldu dira. Ostiralean eguraldi egonkorra izango dugu. eguna moteletik hasiko dugu eta baliteke han-hemenka euri-zipriztin batzuk botatzea. Goizak aurrera egin ahala hodeitza arindu eta arratsaldean ostarteak zabalduko dira. Tenperaturak eguzkiari esker, apur bat igo daiteke. Larunbaten eguraldiak ildo beretik jarraituko du. goiza lainopean eta arratsaldean eguzki giroa gailenduko da. tenperatura maximoak antzekoak izango dira. Igandean Giro eguzkitsua nagusituko da ekialdeko haize lehorrari esker eta tenperaturak ere gora egingo dute maximoak 25ºC-.ren muga gaindituz. Hurrengo astea udako giroarekin eta tenperatura altuekin hasiko dugu.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak