Inmaculada Bilbao GERNIKAKO BONBARDAKETA

2018-04-24
Pablo eta Juliana, Morgako (Bizkaia) Zabale eta Ubille baserrikoak ziren Inmakulada Bilbao Olean gurasoak. Hala ere, Gernikara joan ziren familia osatzera, bertan kokatu eta sei seme-alaba izan ondoren etorkizun oparoa izango zutelakoan zeuden. 1937ko apirilaren 26ko Gernikaren aurkako bonbardaketa eta anabasak hankaz gora jarri zituen familia honen proiektu eta itxaropenak. Etorkizuna bideratuta izatetik esku hutsik izaterako urratsak, lau ordu iraun zituen; maltzurkeria zital baten ondorioa izan zen. Bat-batean etxerik gabe, jabegorik gabe, babesik gabe, izututa, baliabiderik gabe eta deserrira bultzatuak, erroak hautsita, nora ezean ziren. Gerraren lehen lerrotik ihesi Muxikan (Bizkaia) hartu zuten babes. Handik, ahal izan zuten bezala Julianaren osaba baten Morgako Erroteta baserrira jo zuten. Bertan baina, gerrak, Bizkargiko borrokaldiak bizi eta pairatzera eraman zituzten. Batetik, Bizkargin izandako borroken ondorioz bertako urak kutsatu eta Inmakuladaren bi ahizpak tifusaz gaixotu ziren. Bestetik berriz, borrokak bukatu eta egunetara, 1937ko maiatzaren 28an Bizkargin zentinela bezala ziarduen faxisten soldadu batek, Luciano Olea Mandaluniz (Julianaren aita), 71 urteko gizona, tiro batez hil zuen etxetik orturako bidean. Familiak ez zuen aurrera egiteko aukerarik Morgan, ondorioz, Deriorako bidea hartu zuten. Pablok, Derio eta Zamudion kokatuta zegoen “Esperanza y Cia” arma lantegian lan egiteko aukera izan zuen. Bizitokirik ez zutenez Enpresako burua zen Castor Uriarteren koinatu baten (abadea) etxean egon ziren apopilo. Jatorriz Markinan sortu zuten “Esperanza y Cia” arma fabrika eta gerra kontuak medio urte batzuk Txorierrin egin ondoren, lantegia berriro Markinara itzuli zenean Inmakuladaren familiak ere Markina-Xemeinerako bidea hartu zuen, bertan bizimodua eginez. Baina Inmakuladak ezin ditu ahaztu bere sustraiak, ezin du ahaztu erroak zauritu zizkion bonbardaketan bizitakoa eta sarri gogoratzen bada ere, ezin omen du horretaz berbarik egin azaldatu gabe. Era berean, memoriak duen garrantzia sentimenduekin uztartuz hitz egiten du bere testigantzan; Inmakuladak pena baitu, bonbadaketan bizitakoaren ondoren bere memorian gordeta duena galtzen hasi baita; berarentzat ezinbestekoa baita memoria, ondorengoei gertatutakoa transmitutu ahal izateko. Artikulu honetan bere testigantzaren zati txiki bat agertzen dugu, Inmakuladak bizi izandakoa agerian uzten duen pasarte gordina.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak