UDALETIK 11-08

2018-11-08
1.- LEKEITIOKO HAINBAT KALETAN ARGITERIA BERRIZTEKO LIZITAZIOA IREKI DA Lekeitioko hainbat gunetan argiteria publikoa berrizten jarraitzeko lizitazioa martxan jarri du Udalak. Erabiltzen den energiari ahalik eta eraginkortasun handiena ateratzeko helburuarekin, kaleetako argiteria egokituko da faroletan led sistema berria jarriz. Aurreko hilabeteetan, herriko hainbat puntutan berriztu zen argiteria eta orain, Dendari, Abaroa, Gerrikabeitia, Paskual Abaroa, Beheko kalea, Santo Domingo, Balentin Berriotxoa, Antonio Maria Klaret, San Kristobal plaza, Gamarra plaza, Eliz Atea eta Santa Elena kaleen txanda izango da. Hauetan erabiltzen den energia txikitzea eta berriztagarria izatea bilatuko da. Horretarako lizitazio berria azaroaren 26ko 14:00ak arte egongo da irekita. Lanak otsailean hasiko dira eta 4 hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da. 2.- SANTO TOMAS AZOKAKO POSTUEN ESKAERA EPEA IREKITA Lekeitioko Udalak, Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkartearen laguntzaz, Santo Tomas Azoka ospatuko du abenduaren 21ean. Urtero bezala, ohiko azokaz gain, eskualdeko etxe-abereen erakusketa ere egongo da ikusgai. Hori horrela, azokan egongo diren salmenta edo erakusketa postuak jartzeko eskera epea ireki da. Azokaren helburu nagusia Lea-Artibai eskualdeko lehen arloko nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleen lana sustatzea da eta, aldi berean, haien produktuen kontsumoa bultzatzea. 3.- ASTEBURU HONETAN: KATU BALTZ EGUNA, EUSKARALDIA ETA BEHOBIA-DONOSTIARA JOATEKO AUTOBUSA Zapatu honetan euskal mitologian oinarritutako Katu Baltz eguna ospatuko da. Goizeko 11:30etatik hasita, Aittitta Txiki eta Zaletxuak elkarteen eta Udalaren eskutik, ekintza ugari izango ditugu herrian zehar. Eta oraindik gehiago nahi baduzue, iluntze aldera Uztai taldea egongo da kalerik kale giroa alaitzen. Beraz, prestatu zuen mozorroak eta etorri Katu Baltz eguna ospatzera! Asteburu honetan ere, Euskaraldia protagonista izango dugu. Bihar, Nerea Ibarzabal bertsolari eta kazetariaren eskutik, “Euskara salbu ikusi arte” berbaldia egingo da arratsaldeko 19:00etan Azkue aretoan. Domekan berriz, Ahobizi eta Belarriprest txapa banaketa eta sorpresak izango ditugu 13:00etan eskolapean edo, euria egiten badu, Ikusgarri zineman. Eta bukatzeko, domekan Behobia-Donostia lasterketa ospatuko da eta Udalak eta Amandarri Triatloi taldeak joan-etorriko autobus berezia jarriko dute. Oraindik izena eman ez baduzue, bihar izango duzue azken aukera kiroldegiko harreran. 4.- GURASOENTZAKO FORMAKUNTZA SAIOAK ETA ZAINTZARI BURUZKO PRESTAKUNTZA ETORKINENTZAT Ohikoa da, gaur eguneko gurasoen ahotik haien seme alaben inguruko kezkak entzutea “ezin dut beraiekin!” edota “nahi dutena egiten dute!” bezalako esaldiekin. Gai hau lantzeko, 0 eta 6 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei bideratutako 12 saio antolatu dituzte Udalak eta Ediren elkarteak. Saio hauen bidez, herritarrek gaur egun “guraso izatea” buruhausteaz hausnartzeko lekua bihurtuko dira. Izena emateko azken eguna azaroaren 19 izango da. Bestalde, menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzari buruzko prestakuntza saioak ere egingo dira Lekeitioko etorkinei bideratuta. Pertsona nagusiak zaintzeko baliabide eta ezagupenak ematea da helburu nagusia eta euskarazko formakuntza berezi bat ere eskainiko zaie. Udala eta Bizitzen fundazioak antolatuta, saioak azaroaren 13an hasiko dira eta urtarrilera bitartean iraungo dute. Formakuntza hauetan izena emateko, deitu Udaletxera, 94 603 41 00 zenbakira edota Gizarte zerbitzuetara hurbildu.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak