Gure herrian arrotz. Los 40 Principales Zarautzen.

2017-08-06
Hainbat eta hainbat herritan azaldu dira aspaldian egungo turismo-eredua zalantzan jarri duten ahotsak eta mugimenduak eta, non eta Zarautzen, ezin isilik eta geldirik geratu. Urteak dira jada, Udalak eta herriko eragile zenbaitek bultzatuta, arduragabekeriak eta diru-goseak bideratzen dituela gure herriko udarak. Horren adibide garbia da igande honetan, hilak 6, gure herriko malekoian egingo den “Los 40 Summer Live” musika-jaialdia. 40 Principales irrati-kate erraldoiaren ekimena da, besteak beste Mallorcan, Marbellan eta Ceutan egingo dena uda honetan, eta Udalak eta Zurekin ostalaritza elkarteak hala sustatuta, gure herrira ere iritsiko dena. Gure herria erakusleiho huts izateko beste saiakera bat da hau: ez dakigu nola bururatu dakiekeen Udaleko ordezkariei Marbellan edo Ceutan balio dezakeen formula berak gure herrian ere balio dezakeela; ezin dezakegu ulertu nola eman dakiekeen estatu-mailako talde handi batzuei —guzti-guztiak espainolez kantatzen— halako plaza handia, eta herriko sortzaileak guztiz bazter laga; ezin zaigu buruan sartu herriko bi jai batzorderekin, Gurekin Jai-rekin eta Azken Portuko komisiyuarekin, halako liskarrak izan eta gero, hainbesteko oztopoak jarri eta gero, tokia dela, soinua dela, irrati-kate erraldoi batek egindako jaialdia, erraztasunak eman bakarrik ez, sustatu egin duela Udalak, eta malekoiaren erdi-erdian tokia eman. Hau guztia Zarauzko Udalak eta hura osatzen duen alderdiak aspalditik bultzatzen duen proiektu politikoaren barruan soilik koka daiteke. Herrigintza kapitaletik eta arduragabekeriatik ulertzen dutenen kudeaketak dira hauek eta gu kokoteraino gaude. Arrotz sentitzen gara gure herrian. Honen aurrean antolatzea eta ekitea premiazkoa dela deritzogu, eta hala egingo dugu.
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak