UDALETIK 11-29

2018-11-29
UDALETIK 11-29 1.-2019ko AURREKONTUEN PROPOSAMENA Udal Gobernua 2019ko aurrekontuak lantzen dabil eta urte amaieran behin betiko onartu aurretik, abenduaren 14ra arte bigarren epe bat zabaldu du lekittarrek ekarpenak egiteko berriz. 2019ko aurrekontuak 8.437.448 eurokoak izango dira eta proposamenak egiteko ondorengo irizpideak izan dira kontuan: herriarekiko hartutako konpromisoak betetzen jarraitzea, udal eraikinak baldintza egokietan egoteko eta hobetzeko inbertsioak egitea, Lekeitio irisgarriagoa bilakatzea eta hezkuntza arloan inbertitzen jarraitzea. Azken batean, Udal Gobernuaren apustua oinarrizko eta kalitatezko zerbitzuak bermatzen eta mantentzen jarraitzea da. Horretarako, urtero bezala, herritarren ekarpenak, iritziak eta proposamenak kontuan izan ditu urteko plangintza egitean, partehartzea eta gardentasuna bultzatuz, Lekeitio zeure erara eraikitzeko. Zehaztasun guztiak egunotan etxeetara helduko den Udaletik aldizkarian aurkituko dituzue. 2.- ISUNTZA ARRAUN ELKARTEA ETA LEKEITIOKO UDALAREN ARTEKO HITZARMENA Lekeitioko Udalak eta Isuntza arraun elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten aurreko astean. Arraun elkarteak Lekeitiori egiten dion ekarpena kontutan hartuta, Udalak 10.000 euroko diru-laguntza emango dio urtea bukatu aurretik eta 2019an beste 10.000 eurokoa, ACT mailan parte hartzeko beharrezkoak diren prestakuntzak burutzeko. Honen bidez, arraunaren formazioa eta zaletasuna bultzatu eta lagundu nahi ditu Udalak. Aurten, Isuntza gorengo mailan egongo da eta aukera paregabea izango da Lekeitioren izena eta “Lekittarra” izena ACT Ligan , Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo zabaltzeko. Denboraldi berria uda aldera hasiko da baina Isuntzakoak hasiak daude prestakuntzekin. Zalantzarik gabe, estropada ikusgarriak biziko ditugu. Aupa Isuntza! 3.- ABENDUAK 1: HIESAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA Abenduaren 1ean hiesaren aurkako nazioarteko eguna ospatuko da. Gaur egun, arazo larria izaten jarraitzen duen gaitzaren aurrean, prebentzio neurriak hartzea ezinbestekoa da eta ez gara lasaitu behar, izan ere, iaz 133 kasu berri diagnostikatu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan. Urtetik urtera kasuen kopurua pixkanaka behera egiten ari den arren, Euskal Autonomia Erkidegoan hiru egunean behin Gisa Inmuno-eskasiaren Birusaren kasu berri bat aurkitzen da. GIB edo “VIH” birusa ez da iraganeko kontua, mundu mailako arazoa izaten jarraitzen du eta datuak hobetzen ari badira ere, kopuruak oso handiak dira oraindik. Horri lotuta, Lekeitioko Aittita txiki kultur elkarteak mahai informatiboa eta lazo gorrien banaketa egingo du zapatuan Eskolapean. Gogoratu, beraz, Hiesaren aurrean ez garela lasaitu behar eta prebentzio neurriak hartzea ezinbestekoa dela. 4.- AGENDA: BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA, EUSKARAREN EGUNA ETA ARGAZKI ZAHARREN ERAKUSKETA. Zapatu honetan, abenduak 1, Bizkaiako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoak ospatuko dira Lekeition, Santi Brouard pilotalekuan arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Hori dela eta, kiroldegia itxita egongo da arratsaldean. Sarrerak aurretiaz online eskuratu daitezke www.bertsosarrerak.eus webgunean edota kiroldegiko txarteldegian saioa hasi baino ordu bete lehenago. Bestalde, abenduaren 1etik 8ra bitartean, Aittitta Txikik antolatutako argazki zaharren erakusketa egingo da Barandiaran aretoan. Bertan, azaroan zehar lekittarrek aurkeztutako argazki zaharrak egongo dira ikusgai. Azkenik, astelehenean euskararen eguna izango da eta Lekeition hainbat ekintza egingo dira ospatzeko. Hasteko, 10:30etan eskolako frontoian eta 11:15etan ikastolakoan jaialdia egingo dute. Ondoren, Euskaraldiari amaiera emateko, arratsaldeko 19:00etan euskararen eguneko adierazpena irakurriko da Udaletxeko eskaileratan, Aittitta Makurra txarangaren kalejira, bertsolariak eta Ahobizi eta Belarripresten talde argazkia aterako da. OLENTZERO ETA MARI DOMINGI ETA 3ZPA4 IKUSKIZUNA ANTOLATZEKO LAGUNTZAILEAK Olentzero eta Mari Domingi eta 3zpa4 ikuskizuna antolatzeko laguntzaileak bilatzen ari gara! 18 urte baino gehiago badituzu, animatu eta eman izena abenduaren 4a aurretikwww.lekeitio.euswebgunean.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak