1.- LEKEITIOKO IKASTETXEEK NATURA ZAINTZEKO EGIN DITUZTEN EKIMENAK AURKEZTU DITUZTE
Lekeitioko hiru ikastetxeetako ikasleek, Agenda 21 ekimenaren inguruan, ikasturte honetan natura zaintzeko egin dituzten ekintzak azaldu die Alkateari. Eskola, ikastola eta institutuko ikasleek, hurrengo ikasturterako dituzten helburuen berri ere eman dute.
Hori horrela, ikasleek hainbat proposamen egin dizkiote Udalari, natura gehiago zaintzeko eta Udalak konpromisoa hartu du, ahal den heinean, proposamen hauek betetzen joateko. Adibidez, aurreko urteetan egin diren harreretan aurkeztutako ikasleen eskaerak izan ziren besteak beste herrian kotxerik gabeko espazioak egokitzea, zuhaixka eta landare berriak landatzea edota hondakinen birziklatzea bultzatzea.
2.- LEKEITIOKO LAGUNKOITASUN DATUEN AURKEZPENA EKAINAREN 14AN
Hurrengo ostegunean, ekainaren 14an, Lekeitioko lagunkoitasun diagnostikoaren emaitzen aurkezpena egingo da Barandiaran Aretoan 18:00etan, eta hortaz aparte zahartzarorako bizimodu alternatiba berriei buruzko solasaldia egongo da. Lekeitio herri lagunkoia izateko herritarrengana jo zuen Udalak partehartze prozesu bat zabalduaz.
Otsailean eta martxoan taldeetan antolatuta, herriaren eta herritarren beharrak aztertu ziren. Hainbat herritar eta alor ezberdinetako eragileek parte hartu zuten. Bestalde apiriletik maiatzera ere inkestak banatu ziren eta eskuragarri utzi herriko puntu anitzetan, ahalik eta herritarren ekarpen gehien lortzeko, eta guztira 356 inkesta batu dira!! Partehartze prozesuan izandako ekarpenon emaitzak aurkeztu nahi zaizkio orain herriari. Lekeitio adinekoekin noraino lagunkoia den ikusteko hurbildu Barandiaran aretora ekainaren 14tik aurrera.
3.- AURTENGO UDAKO KIROL ETA KULTUR ESKAINTZA INDARBERRITUTA DATOR!
Uda honetan ez duzu aspertzerik! Ondorengo hilabeteetarako antolatu den egitarauak adin eta gustu anitzeko ekintzak dakartza! Eta guzti hauen berri izateko, udako programa paperean eskura izango duzue bihartik aurrera Udaletxean, Kultur Etxean eta Kiroldegian! Eta udaleko ohiko komunikazio kanaletan baita!
Asteburu honi dagokionez, domekan estropada saio paregabea izango dugu gizonezkoen Lekeitioko berrogeigarren banderarekin eta emakumeen zortzigarrenarekin. Isuntza Arraun Elkarteak antolatutako estropadan 33 traineruk parte hartuko dute goizeko 11:30etatik aurrera.
Bestalde, zapatuan, Isuntzaren asteburuan, 11:00etan arraun duatloia egingo da plazan. Ondoren, 11:30etan eskolarteko arraun eta piragua topaketak izango ditugu Isuntza hondartzan, Dzanga eta Isuntza kirol taldeek antolatuta. Eta zapatu arratsaldean, berriz, Udako Dantza Saioak egongo dira plazan 19:30etatik aurrera, Etorkizuna dantza taldearen eskutik.
4.- KITTO ELKARTEAK 500€-REN ZOZKETA EGINGO DU BERE DENDETAN EROSTEN DUTENEN ARTEAN
Kitto elkarteak udaberriko zozketa egingo du ekainaren 4tik 23ra bitartean bere dendetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean. 500 euroko saria irabazteko aukera izan nahi baduzu, egin zure erosketak Kittoko dendetan!
Eta ez hori bakarrik, elkarteko dendetan erosiz gero, poltsa bat emango zaizu opari. Ez ezazu aukera galdu!
Gogoratu, Lekitton bizi, herrian erosi, danok irabazi!
5.- (ETA AMAIERAN…) ZAPRAN GAGOZ! EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN JAIA LEKEITION
35.000 pertsonatik gora batu ziren Lekeition Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaian! Ume, gazte zein nagusiek ekintza zoragarriz betetako egunaz gozatzeko aukera izan zuten, herriko toki ezberdinetan jarritako guneetan. Zoramena, Xabier Amurizak idatzi eta Unai Egia eta Iñigito “Txapelpunk-ek Jairako bereziki sortutako kanta paregabea zuzenean abestean heldu zen. Seguraski, oraindik buruan bueltaka eta kantatzen jarraitzen dugun hori.
Eskerrik asko parte-hartu zenuten guztioi, antolaketa lanak egiten ibili zirenei zein beste herrietatik gurera etorri zinetenoi! Euskal Eskola Publikoaren Jaia amaitu da, bai, baina urteetan gogoratuko dena….Lekeition beti jarraituko dugu zapran!