UDALETIK 01-18

2018-01-18
1.-LAN-SAILEKO PEOI ETA AZOKA ARDURADUNEN AZTERKETAK URTARRILAREN 24AN IZANGO DIRA Lan-sailerako peoi eta azoka arduradunen lan-poltsetan aurkezteko epea itxi eta dokumentazio guztia ziurtatu ondoren, onartuen behin-behineko zerrendak argitaratu dira. Onartuak izan direnek test motako idatzizko froga egin beharko dute urtarrilaren 24an, asteazkena. Peoien azterketa 16:30ean hasiko da eta Azoka arduradunena 17:45ean, biek ordu bateko luzera izango dutelarik. Eskola publikoko jantokian egingo da froga, hots, kolorinetako eraikinaren behe solairuan, Larrotegi, 11 kalean. Froga gainditzen dutenek, euskara hizkuntza eskakizuna gainditu beharko dute, gero atal praktikoa egiteko. Onartutakoen zerrendak Lekeitioko Udalaren web-gunean aurki daitezke. 2.- SAN ANDRES AUZOAREN BERRIKUNTZA PROIEKTUAREN ALEGAZIO EPEA IREKI DA Udal gobernu batzordeak urtarrilaren 12an onartu zuen Lekeitioko San Andres auzoko berrikuntza proiektua, zeina auzokideek eurak aukeratutakoa den. Arinago, urtarrilaren 11an, auzokideei aurkeztu zitzaien proiektua. Berau, urtarrilaren 16an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta egun horretatik hasita 20 lanegun egongo dira edozein alegazio egiteko, udaletxean dokumentu batzuk betez edota espreski sortu den sanandres@lekeitio.eus helbide elektronikora idatziz. Gainera, edozein herritarrek bidali ahalko ditu bere proposamenak otsailaren 14ra arte. Proiektu honen puntu nagusia auzoa inguratzen duen horma behera bota eta eraikinen inguruan ibilbidea egitea izango da. Bide honetan, alde batetik, aparkalekuak sortuko dira eta bestetik, espazio berdeak. Azken hauetan, kolunpioak edota kirola egiteko aparatuak jarriko dira. Berrikuntzak lanak maiatzean hasiko dira eta 10 hilabete inguru irautea espero da. 3.- LEKEITIOKO ESKAINTZA TURISTIKOA MADRILEN Lekeitiok bere atala izango du urtarrilaren 17tik 21era Madrilen ospatuko den FITUR turismo azokan. Honekin, herria nazioarte mailan gehiago ezagutzera ematea bilatuko da, bere txoko adierazgarrienak jendearen begien bistan jarriz. Lekeitiok, urtero bezala, 2017an ere harrera ona izan du turisten aldetik. Hauetako gehienak Madril eta Bartzelona ingurukoak izaten jarraitzen dute. Era berean Frantziarrak, Alemanak eta Erresuma Batuko jende asko gerturatzen da herrira. Gainera, aurten ere herriko leku desberdinak bisitatzeko asmoa dutenek, jakin herriak hainbat aukera eskaintzen dituela: Santa katalinako itsasargia, larunbat goiz eta arratsaldean egongo da irekita, baita ere igande goizetan. Gainera, astean zehar ere egon ahalko dira bisitak gutxienez 20 pertsonako taldea sortzen bada. Era berean, Hirigunean bisita gidatuak egongo dira aldez aurretik txanda eskatuta. Eta azkenik, Santa Maria Basilika ere bisitatzeko aukera egongo da. (ELKARRIZKETA) 4.- AUTODEFENTSA TAILERRA Urtarrilaren 27an autodefentsa tailerra egingo da herriko kiroldegian. Harrera 9:30etan izango da eta 13:00ak arte iraungo du, gero arratsaldean berriz jarraitzeko 16:30etatik 20:00ak arte. Tailer hau 14 eta 18 urte bitarteko neska gazteei zuzendutakoa izango da eta udaleko facebook kontuan argitaratu den albistearen atalean eman ahalko da izena. 5.- ZINEMA MOLLY´S GAME Molly Bloom (Jessica Chastain) enigmatiko eta liluragarriak Los Angelesera joatea erabakitzen du, eskiatze profesionala uztean. Zerbitzari gisa lan egitera joan zen arren, ezkutuko poker partidak antolatzen hasiko da laster, partidetako jokalariak Hollywoodeko izarrak, kirolariak, enpresaburuak eta mafia errusiarra direlarik. Molly hamarkada batez izan zen poker partiden inperioaren sustatzaile nagusia, harik eta FBIk ikertu zuen arte, krimenarekin zeuzkan loturak argitzeko asmoz. Charlie Jaffey (Idris Elba) abokatu ospetsua izango du kartzelatik libratzeko aukera bakarra. 6.- EGURALDIA GAUR ITSASOA ASKO LASAITU DA, HALA ERE ABISU HORIAN GAUDE. Atzo 16etako itsasgoran itsasoa asko sakartu zen eta ondorioz haibat kalte material eragin zituen kiroldegian eta Isuntza arraun elkartean. Oraingoz abisu horian mantentzen gara gutxienez iganderarte, beraz, udaltzaingoek leku arriskutxuetara ez hurbiltzea eta arretaz ibiltzea eskatzen du. Gaur Giro eguzkitsua izan dugu, datozen orduetan hodeiak ugaritu egingo dira eta egun amaieran baliteke euri langar pixka bat egitea. Ostiralean berriro ere euria egingo du, tarteka zaparrada moduan, Ipar-mendebaldeko haizea egunaren bigarren partean indartu egingo da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Larunbatean goizean euriak atseden pixka bat emango digu edo egitekotan oso gutxi egingo du, Arratsaldean fronte bero bat iritsiko zaigu eta euritara joko du Igandean zerua estalita izango dugu eta baliteke han-hemenka tantaren bat bustitzea. Astelehen eta asteartean giro lehorrarekin hasiko dugu astea. Giro eguzkitsua izango dugu eta tarteka goi hodeiak ere agertuko dira, batez ere astearte arratsalderako.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak