UDALETIK 02-28

2019-02-28
1.- ARATUSTEAK 2019! Hasi dira Lekeitioko aratusteak eta martitzenera arte kaleak giro ederrez jantzita izango ditugu!! Aurtengo egitarauak berrikuntza nabarmenak izango ditu eta baita sorpresa batzuk ere. Horien artean, martxoaren 5ean “Dantzatzeko prest” diskofesta egongo da plazan eta, ondoren, Eskolapean, Dj saioa eta disfraz lehiaketa izango ditugu! Arratsaldeko 20:00etatik aurrera hainbat sari emango zaizkie mozorro polit eta originalenak jasten dituztenei! Berdin da adina!! Etorri Eskolapera eta hartu parte! Horretaz gain, Lekeitioko hainbat kultur elkarteren ekintzak izango ditugu eta noski, ikastetxeetako neska-mutikoen kalejira, suzko-zezena eta txokolatada ere! Egitaraua ezagutu nahi? Ekintza guztiak albistegi honetako agenda atalean ikusi ahalko dituzue, geratu gurekin! 2.-SANTA KATALINA PASEALEKUAREN 4. FASEA Santa Katalinako pasealekuan dagoen espaloiaren azken faseko lanak egunotan hastera doaz. Laugarren fase honetan, kolunpioak dauden tokitik hurrengo espaloira arte pasealekua eraikiko da. Bestalde, zati horretako farolak ere berriztuko dira, argiteria hobetuz. 169 metroko luzera izango duen espaloiaren azken fase honek, bi hilabeteko iraupena izango du eta 236.500 eurotako inbertsioa. Baliteke, behar izanez gero, lanok egiten diren bitartean trafiko mozketak egotea, hori dela eta, egunotan adi informazioari. 3.- AURTEN ERE, 18-35 URTE BITARTEKO GAZTEEK ETXEBIZITZA ALOKAIRURAKO DIRU-LAGUNTZAK JASOTZEKO AUKERA IZANGO DUTE Hirugarren urtez, gazteek etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak jaso ahalko dituzte. Lekeitioko Udalak onartutako diru-laguntza programa honen helburua, herriko gazteek arrazoizko prezioan etxebizitzak errentan hartu ahal izatea da, autonomia eta emantzipazioa lortzen laguntzeko. Aipatutako diru-laguntza 18 eta 35 urte bitartekoek jaso ahalko dituzte. Elkarbizitza unitateko kideetatik bat gutxienez Lekeitioko udalerrian egon beharko da erroldatuta, bi urteko antzinatasunarekin. Gainera, diruz lagunduko den etxebizitza Lekeition egon beharko da eta dagokion bizigarritasun baimena izan beharko du. Eskaera epea bihar hasi eta azaroaren 15ean bukatuko da. Informazio gehiago www.lekeitio.eus-en. 4.- LEKEITIOKO ETA INGURUKO EMAKUME SORTZAILE ETA EKINTZAILEEN AZOKA DOMEKAN Domeka honetan, martxoak 3, Lekeitio eta inguruko emakume sortzaile eta ekintzaileen hirugarren azoka ospatuko da Lekeition, goizeko 12:00etatik 15:00tara bitartean. Azoka bi gunetan banatuko da. Alde betetik, Kontzijopean moda eta osagarriak, okigintza eta gozokigintza edo larruzko produktuak izango ditugu beste hainbaten artean. Eta beste aldetik, Barandiaran aretoan moda diseinuak, koadroak, egur lanak eta bestelako eskulanen erakusketa izango dugu. Gainera bolilloak nola egiten diren ere erakutsiko da bertan. Lekeitioko Udaleko Emakumea eta Berdintasuna Batzordeak antolatuta, azoka honek emakume sortzaile eta ekintzaileen lana erakutsi eta haien presentzia indartzea du helburu. Animatu eta hurbildu zaitez domeka honetan, emakume sortzaile eta ekintzaileen azokara! 5.- AGENDA: ARATUSTEAK, GURASOENTZAKO FORMAKUNTZA ETA ENE KANTAK Aurtengo aratusteak indartsu datoz, otsailaren 28tik martxoaren 5era bitartean gustu eta adin guztientzako ekintzak izango ditugu. Gaur Sasi koipetsu eguna ospatu ostean, biharkoan iluntzean “Askott gaba” txikiteo kantaua izango dugu, animatu eta etorri Erresuma Batuko Ascot zaldi lasterketan erabiltzen duten moduko kapelarekin! Zapatuan berriz, goizetik hainbat kalejira eta kontzertu izango ditugu kaleak musikaz betez. Eta gauean suzko zezena irtengo da Eskolapetik. Domekan aratuste eguna ospatuko da Eguzkilore jubilatuen abesbatzak egindako kontzertuarekin. Eta astelehenean Itxaropena txistulariek kalejira egingo dute. Eta aratusteak amaitzeko, martitzenean, turuturu egunean, goizetik hasita ikastetxeetako neska-mutikoek kalejira egingo dute, haien mozorroak erakutsiz. Eta arratsaldean, diskofesta, txokolatada, suzko zezena eta disfraz lehiaketa! Mozorrotu eta zatoz ospatzera! Egitarau guztia azalduko duen grafismoa agertuko da pantailan, datu gehiago emanez. Bestalde, martxoko eta apirileko astelehenetan Kultur Etxeko Txitxin tokian formakuntzak egingo dira, 12tik 21 urte bitarteko nerabe eta gazteen gurasoei zuzenduta. Izena emateko Etxadira deitu behar da: 94 405 15 49 edota emailez idatzi: etxadi@etxadi.org-era. Eta amaitzeko, martxoaren 24an, Ene Kantaken Satorjator umeentzako ikuskizuna izango dugu Ikusgarri zine aretoan, arratsaldeko 16:30etatik aurrera! Sarrerak salgai bihartik aurrera Kultur Etxean arratsaldez eta Traola estudioan 10 euroren truke. Ez galdu aukera eta lortu zurea!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak