UDALETIK 06-21

2018-06-21
1.- EGUZKI DANTZA: LEKEITIOKO EMAKUMEEN AURRESKUA BERE JATORRIRA BUELTAN San Juan egunean, beraz, domeka honetan, ekainaren 24an, Etorkizuna Dantza Taldearen eskutik, Eguzki Dantza Jaia ospatuko da. Orain dela 43 urte hasitako aurresku honetan, belaunaldi ezberdinetako emakume lekittarrak izango dira protagonista. Egun, Aurresku hau San Pedro egunean egiten da, baina jatorrizko ohitura berreskuratuz, San Juan egunean, udako solztizioan, dantzatuko da aurten. Domekan beraz, hiru dantzaldi egingo dira. Lehenengoa goizeko 6:30etan talan, eguzkiaren irteerarekin batera. Eguerdian berriz, 13:00etan, plazan izango bigarren dantzaldia. Eta bukatzeko, 20:00etan eguzkia izkutatzean, aurreskua ikusteko azken aukera izango dugu plazan. Hiru dantzetan guztira 36 emakumek hartu dute parte eta, gainera, eguerdikoan 1953tik gaur egun arte dantzatzen aritu diren 60 emakumezkok egingo dute dantzan aurreskuari sarrera ematez. Belaunaldiz belaunaldi dantza herrikoi hau mantentzea lortu duten emakume guztiei zuzendutako omenaldia honetan, Lekeitioko Itxaropena Txistulari elkarteak eta Lekeitioko Musika Bandako txistulariek joko dute aurresku honen melodia. 2.- MENDIETA ONTZIOLAREN LANEN II. FASEA MARTXAN Mendietako ontziolaren berrizte lanek aurrera jarraitzen dute. 2. fase honetan, eraikinaren egitura sendotzen jarraituko da. Lehenengo fasean erdiko nabea egonkortu zen, eraikina zuzen mantentzeko eta edozein ezbehar ekiditeko. Oraingoan alboetan dauden nabeetan burutuko dira mantentze lanak. Horretaz aparte, ontziolaren aurrealdeko eraikinean dauden obra-hondakinak ere kendu eta garbituko dira. 2016 urtean hasitako lanek, apurka apurka Mendieta ontziolaren berreskuratzea dute helburu. 3.- ASTEBURUAN: SAN JUAN BEZPERA JAIA, SPINNING MARATOIA ETA GAZTE TRIATLOIA Gaur udan sartu gara eta bere lehenengo asteburuak ekintza anitz izango ditu. Alde batetik, zapatuan, San Juan bezperan, Lekeitioko ikastetxeek urtero lez ospakizunak antolatu dituzte ikasturteari amaiera emateko. Domekan berriz, aurretik aipatutako Eguzki dantzaz gain, San Juan Eguna ospatzeko, kirol ekintzak erenon-nahi izango ditugu. 10:00etatik aurrera kiroldegiak antolatutako spinning maratoia egongo da abadeen moilan. Bestalde, Garraitz kirol taldearen eskutik, 11:30etan Gazte Triatloia ospatuko da plazan. Eta San Juan egun hau girotzeko Itxaropena txistulari taldearen kalejira izango dugu goizean zehar. 4.- SAN PEDROETAKO EGITARAUA ESKURAGARRI PAPEREZ BIHARTIK AURRERA OHIKO PUNTUETAN San Pedroetako egitaraua eskuragarri izango duzue bihartik aurrera paperez ohiko puntuetan. Beraz, hurrengo asteburuan egingo diren ekintza guztien berri izan nahi baduzue, hurbildu Udaletxe, Kultur Etxe edota Kiroldegira! Eta noski, udaleko ohiko komunikazio kanaletan ere izango duzu honen berri! 5.- ZAPATU HONETAN, KITTO ELKARTEAK 500€-REN ZOZKETA EGINGO DU BERE DENDETAN EROSTEN DUTENEN ARTEAN Kitto elkarteak udabarriko zozketa egingo du ekainaren 4tik 23ra bitartean bere dendetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean. Zozketa zapatuan 14:30etan egingo da eskolapean! 6.- (ETA AMAIERAN…) ERREPORTAJEA: LEKEITIOKO XXVI. TRIATLOIA Garraitz Kirol Taldeak antolatuta, ekainaren 16an Lekeitioko XXVI. triatloia ospatu zen. Bertan 750m igeri, 21km bizikletan eta 5km korrika egin behar izan zituzten izena eman zuten ia 500 kirolariek. Triatloian punta puntako kirolari askok partehartu zuten eta gainera, inoiz baino emakume gehiagok, zehazki 89k. Horien artean, izan zen kirol munduan hain ezaguna bilakatzen ari den eta 2017an Hawaieko Ironwomanean izandako Mireia Arrillaga lekeitiarra ere. Mireiak goreneko mailan dagoela erakutsi zuen eta balio handiko bostgarren postua lortu zuen triatloian. Australiarrak izaten dira beti faborito Lekeitioko triatloian, eta ez zuten huts egin oraingoan ere. Ashleigh Gentle emakumezkoetan eta Ryan Bailie gizonezkoetan izan ziren garaile, aurreko urtean bezala. Eta haien atzetik, bai mutiletan eta baita nesketan ere australiarrak igo ziren podiumera, bigarren postua berriz, David Castro albacetearrarentzako izan zen. Gainera, ezin dezakegu ahaztu Lekeitiko kirolari asko ere izan ziren parte hartzaileen artean. Bestalde, eskertzekoa da Garraitz Kirol Taldeko kide zein atletek egiten duten esfortzua ekimen honek urtez urte oihartzun eta kalitate handiagoa izateko eta baita eskertu, ekimen hau antolatzen eta laguntzen ibiltzen diren herritarrak.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak