UDALETIK 12-06

2018-12-06
UDALETIK 12-06 AURTEN ERE NAGUSIENTZAKO KE DETEKTAGAILUEN SISTEMA BERRIAK JARRIKO DIRA ETXEBIZITZETAN Aurreko urteetan egin den moduan, bakarrik edota beste nagusi batekin bizi diren 86 urtetik gorako pertsonei, etxean sutea ez gertatzeko alarma sistema etxean jartzeko aukera eskainiko die aurten ere Lekeitioko Udalak. Hori horrela, guztira 137 etxetan jarriko ditu Udalak ke detektagailuak. Zerbitzu honen kostu osoa Udalak ordaintzen du, hau da, erabiltzaileek ez dute ezer ordaindu behar izango zerbitzu hau erabiltzeagatik. 3ZPA4 IKUSKIZUNA ABENDUAREN 26AN LEKEITION! Abenduaren 26an 3zpa4 taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dugu Lekeitioko Santi Brouard kiroldegian. Etbk emititzen duen saioko protagonistak dira 3zpa4 taldea osatzen duten Maider, Jon, Izaro eta Amets. Abestiz betetako kapituluetan, lau gazte hauek haien musika taldea nola sortzeko duten erakusten digute eta orain, telebista pantailan ez ezik, Lekeition ere ikusi ahalko ditugu. Ikuskizuna 17:30etan hasiko da eta sarrerak 4 euroren trukean eskuratu ahalko dira bihartik aurrera Kultur Etxean arratsaldez eta abenduaren 26an bertan kiroldegiko leihatilan. Zatoz 3zpa4-rekin dantzatu eta abestera! AGENDA: MABEL LOZANOREN HITZALDIA ETA ANIZTASUN ASTEA Hurrengo eguaztenean, abenduak 12, Mabel Lozanoren eskutik, prostituzioa eta emakumeen salerosketari buruzko hitzaldia egongo da Kultur Etxeko Azkue aretoan, arratsaldeko 17:30etan. Ondoren, mahai ingurua egongo da Mabelekin. Zatoz!! Eman izena aurretiaz 662 42 93 68 zenbakira deituaz edo whatsapp bat bidaliaz. Bestalde, hurrengo egunetan Aniztasun astea ospatuko da Lekeition. Abenduaren 11n, arratsaldeko 18:00etan Udaletxeko pleno aretoan biztanle berriei harrera egingo zaie. Abenduaren 13an, berriz, crochet eta puntuzko ehuna egiteko topaketa egingo da jubilatuen etxean 18:00etan. Abenduaren 14an, Peruren inguruko ikus-entzumeneko emanaldia emango da Azkue aretoan eta, amaitzeko, abenduaren 15ean, aniztasun jaia ospatuko da, kalejira, munduko janarien dastaketa eta ipuin kontalariak egongo direlarik, besteak beste. Aniztasun astea Lekeitioko Udalak antolatu du herriko eragile desberdinekin elkarlanean eta La Caixaren diru-laguntzari esker. ERREPORTAJEA: SAN ANDRES AUZOKO SANTUA KONPONTZEN San Andres auzoaren berrikuntza obrak ekainean hasi ziren. Urbanizazio lan hauen bidez, auzo osoan hobekuntzak egingo dira irisgarritasuna hobetzeko. Azaroaren 30ean, San Andres eguna ospatu zen eta, bide batez, obrak nola doazen ikustera hurbildu zen jendea. Lanak martxa onean doaz, baina zerbait faltan botatzen da…., non dago San Andres santua? Uribarren Abaroa egoitzako langile batek santua berriztu beharra zegoela ikusi eta konponketak egiteko bere burua eskaini zuen. Gainera, auzoari santuaren izena jartzearen arrazoia ere azaltzen digu Estherrek. Era berean, eskulturaren zaharberritzea lan geldoa baina oso atsegina dela azpimarren du. Auzoan bere txokoa zuen eta izena ematen dion santuak, San Andreseko urbanizazio berrian ere bere lekua izango du. Santua bera ere berriztuta itzuliko da bere auzora. Gogora dezagun auzoaren urbanizazio lanak udaberrian bukatzea aurreikusten dela.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak