UDALETIK 03-07

2019-03-07
UDALETIK 3-07 1.- ESKOLA PUBLIKOAN IRISGARRITASUNA ETA SEGURTASUN NEURRIAK BETETZEKO LANAK EGINGO DIRA Urte askotako eskariari erantzuna eman nahirik, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean koloreetako eraikinean hobekuntzak egingo dituzte. Alde batetik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak 324.155€-ko inbertsioko lanak egingo ditu. Besteak beste, ondorengoak dira: larrialdietarako 2 irteera bideratu, komunetan irisgarritasuna bermatzeko egokitzapenak egin eta suteak itzaltzeko sistema automatikoa eta larrialdietako argiteria jarri. Bestalde, Lekeitioko Udalak 90.000€ inbertituko ditu eskolako eraikin ezberdinetan lan batzuk egiteko, hala nola, terrazen inpermeabilizazioa, psikomotrizitate gelako altuera igo, ateen tamaina handitu, sarbideak egokitu eta hainbat hobekuntza haur-eskolan. Aipatutako lanak egin ahal izateko, eraikinak hutsik egon behar dira, eta ondorioz, udan egingo dira. Lan hauek, aurreko urteetan Eskola Publikoaren eraikinetan egindakoen jarraipena dira, hauen segurtasuna eta irisgarritasuna indartzeko. 2.- ARATUSTEAK IRUDITAN Otsailaren 28tik martxoaren 5era bitartean, mozorro eta jai giroz betetako aratusteak ospatu ditugu Lekeition. Egindako ekintzen artean hainbat kultur elkarterenak izan ditugu eta noski, suzko-zezena, txokolatada eta ikastetxeetako neska-mutikoen kalejira ere! Aurtengo egitarauan gainera, berrikuntza nabarmenak izan ditugu. Horien artean, “Dantzatzeko prest” diskofesta edota eskolapeko Dj saioa eta disfraz lehiaketa! Bertan hainbat sari eman zitzaizkien mozorro polit eta originalenak jantzi zituztenei! 3.- KRISTO PORTALEKO TEILABERRITZE LANAK Egunotan, Ateako Guruztokiko teilatua konpontzen ari da Udala. Teila batzuk lekuz mugituta eta erortzeko arriskuan egoteaz gain, itoginak ere badauzka teilatuak. Lan hauek, eraikinaren segurtasuna bermatzeko, arriskua saihesteko eta, batez ere, Kristo portaleko ondarea babesteko helburua dute. Ateako Guruztokia, 1514an eraiki zen, herriko gurutze zahar bat ordezkatzeko. Jatorrizko gurutze hori zegoen lekuan, gaur egun, Kristo bat ikus dezakegu. Lekeitioko ondarea den eraikin honek, balio historiko handia dauka. Hori dela eta, garrantzi handikoa da berau egoera onean mantentzeko lanak egitea. Teilatuaren konponketa lanak martxoan zehar egingo dira eta 11.199,30€-ko kostua izango dute. 4.- UDAKO ARTE ERAKUSKETAN IZENA EMATEKO EPEA ZABALIK Lekeitioko Udako Arte Erakusketan izena emateko epea zabalik dago jada eta martxoaren 30era arte irekita egongo da. Erakusketa honek alor ezberdinetako artistengana heldu nahi du, arte aniztasunaren isla izan dadin. Izena ematean, artistak bere lanen argazki eta dokumentazioa aurkeztu beharko ditu eta lehentasuna Lekeitioko eta eskualdeko artistek izango dute. Erakusketan parte hartu nahi dutenak Lekeitioko Kultur Etxera hurbil daitezke izena ematera edota kulturetxea@lekeitio.eus helbidera idatzi. 5.- AGENDA: “UNA CUESTIÓN DE GÉNERO” FILMA, LILATOIA ETA NOGEN TALDEAREN KONTZERTUA Emakumea eta Berdintasun batzordeak proposatuta eta Lekeitioko Zinemazaleen elkartearen eskutik, asteburu honetan “Una cuestión de género” filma emango da Ikusgarri zine aretoan, martxoaren 8arekin lotutako ekintzen artean. Bertan, Ruth izeneko emakumeak, genero diskriminazioen aurkako borroka hasiko du, emakumeen eskubideak gizonezkoek dituztenen parean kokatzeko. Bestalde, domeka honetan, martxoak 10, Udalak Lilatoira joateko autobusa jarriko du aurreko asteetan izena eman zutenentzako. Pasa den urtean jarri zen lehen aldiz Lilatoirako autobusa eta aurten dortsala ere Udaletik gestionatu da. Berdintasunaren alde Donostian ospatuko den 5 kilometroko lasterketa aldarrikatzaile honetara, 32 emakume joango dira Lekeitiotik, iazko bikoitza! Eta amaitzeko, astelehenetik aurrera Nogen taldearen kontzerturako sarrerak jarriko dira salgai Kultur Etxean arratsaldez eta Traola estudioan, 10 euroren trukean. Talde donostiarrak Ikusgarri zine aretoan emango du kontzertua apirilaren 19an, arratsaldeko 20:30etan! Zatoz eta lortu zure sarrera!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak