EGUZKI DANTZA
Iazko urtean, San Juan egunean, Etorkizuna Dantza Taldearen Eguzki Dantza Jaia ospatu zen. Mendeetan zehar egin den aurresku honetan, belaunaldi ezberdinetako emakume lekittarrak izan ziren protagonista.
Egun, soka dantza hau San Pedro egunean egiten bada ere, iaz jatorrizko data eta ohikotasuna berreskuratuz, San Juan egunean, udako solztizioan, dantzatu zen hiru aldiz. Lehenengo aurreskua 12 emakumek dantzatu zuten goizeko 6:30etan, eguzkiaren irteerarekin batera.
Eguerdian 13:00etan, 1953tik gaur egun arte dantzatzen aritu diren 60 emakumek bete zuten plaza eta denek batera dantzatu. Gainera, dantzari batek abestuta, askorentzat ezezaguna zen dantza honen melodiak duen letra ere entzun zen. Ondoren, bigarren dantzaldia egin zuten 12 dantzarik.
Bukatzeko, 20:00etan eguzkia izkutatzean, hirugarren soka dantza osatzen zuten 12 emakume irten ziren plazara.
Belaunaldiz belaunaldi dantza herrikoi hau mantentzea lortu duten emakume guztiei zuzendutako omenaldi honetan, Lekeitioko Itxaropena Txistulari elkarteak eta Lekeitioko Musika Bandako txistulariek jo zuten aurreskuaren melodia.