Operazio polizial berri honi erantzunik onena da ziklo berriari bultzada ematea

2018-05-17
perazio polizial berri honi erantzunik onena da ziklo berriari bultzada ematea. SORTUk gogor salatzen du Barne Ministerioak abiatu duen operazioa, eta elkartasuna agertu die kaltetutako guztiei. Arkaitz Rodriguez SORTUko idazkari nagusiaren esanetan, “hau da espainiar estatuaren erantzuna ETAren amaierari. Herri hau iraganera lotuta mantendu nahi dute, euskal gizarteak aurrera egin nahi duenean. Gerra egiten jarraitzen dute, euskal gizarteak bakea nahi duenean”. Gaurko polizia-operazioa ez da ezer berria. “Duela 10 urte bakar batzuk atxilotu egin gintuzten ezker abertzalearen estrategia aldaketa galarazten saiatzeko. ETAren armagabetzea galarazten saiatu ziren, besteak beste, horretan ziharduten militanteak atxilotuz. ETAren desegitea ere trabatzen saiatu dira; orain artean publiko egin ez bada ere, jakingarria da: sekulako presioak egin zizkioten Suitzako gobernuari Genevan egin zen ekitaldia egin ez zedin. Eta orain hau”, adierazi du. Operazio honez gain, testuinguru honetan kezkatzeko moduko hainbat elementu gogorarazi ditu SORTUko idazkari nagusiak: Hernaniko pintadak, intoxikazio mediatikoak, Altsasukoen epaiketa... “Horien guztien helburua da herri honetan bakearen eta askatasunaren bidea zangotrabatzea”, esan du. ETAk bere biolentzia erretiratu du definitiboki ekuazio politikotik; espainiar estatuak jarraitzen du bere biolentzia erabiltzen bere egitasmo politikoa inposatzeko bai Euskal Herrian bai Katalunian. “Zergatik?”, galdetu du “biolentziarik gabe ez delako ezer. Beldur diolako eztabaida demokratikoari. Ez daukalako eskaintza demokratikorik ez Euskal Herriarentzat ez Kataluniarentzat. Badakielako, biolentziarik gabe, bai euskal gizarteak bai kataluniar gizarteak luze gabe apustu egingo dutela estatu propio bat eraikitzearen alde”. Horren aurrean zera esan nahi du SORTUk: ez dute lortuko ez ezker abertzalea ez euskal gizartea milimetro bat ere mugiaraztea bakearen eta askatasunaren aldeko apustutik. Ez dute lortuko. Operazio berri honen aurrean erantzunik onena da ziklo berriari bultzada ematea. Bide horretan, urrats garrantzitsu bat egingo dugu larunbatean, Miribillako ekitaldian. “Dei egiten diogu ezkertiar eta independentista orori larunbatean Miribillako ekitaldira joateko”, Rodriguezen esanetan. Han, zera adieraziko dugu: bizirik gaudela, zutik gaudela, pozik gaudela!”.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak