BLAI | Gazteon telebista

2017-06-07
2015eko abenduan hasi eta 2016ko abenduan amaitu zen prozesu batetik gatoz, Gazteraiki topaketekin amaiera eman zitzaiona. Gazteak askatuko gaituzten zain egoteari utzi eta bizitzako esparru guztietan alternatibak sortzeko aitzakiapean sortu zen prozesua. Oraina bizi dugu gazteok, eta aurrera eramaten ditugu egunero, tokian toki, hamaika borroka ezberdin. Hauek guztiak isilaraziak dira helduen botereak zein kapitalismo patriarkalak kontrolatutako komunikabideetan. Guk, gazteotaz saltzen duten irudi konformista iraultzen dugu. Auzolanean sortu eta autogestio bidez kudeatzen ditugu zenbait gazte proiektu komunikatibo, lehenago azaldutako mehatxuak gainditu eta gazteriak gertakizunen kontakizun propioa egin dezan ezinbestekoak direnak. Kontakizun honi forma emateko asmoz Blai, gazteon telebista martxan jarriko dugu. Telebistak lau saio izango ditu, hilabetean behin emitituko direnak: fikzioa, bideoklipak, mahai-inguruak eta Late Night bat. Bestalde, saioen ekoizpenean lagun dezakeen jendearekin sare bat osatu nahi dugu: kamerak, soinu-teknikariak, edizioan trebea den jendea, gidoilariak, aktoreak... Interesa edukiz gero idatzi blai.gaztetb@gmail.com helbidera.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak