UDALETIK 09-06

2018-09-06
UDALETIK 09-06 1.- LEHEN ALDIZ, KOADRILA GEHIENEK “ANTZARTEK” AUKERATU ZUTEN Urtero bezala, irailaren 5ean Antzar jokoa ospatu zen. Koadrilen %62ak Antzartek, antzar mekanikoa, aukeratu zuen, lehenengo aldiz, antzar naturalaren hautua gaindituz. Aurten 90 potinek parte hartu dute, inoizko gehien! Horietatik 70 lekeitiarrak edo eskualdekoak eta 20 kanpotarrak izan ziren. Nabarmena izaten ari da ere emakume harrapatzaileen kopuruak azken urteetan duen goranzko joera, aurten 24 izan dira antzarra harrapatzera joan diren neskak. Antzar jokoaren jasoerei dagokionez, altzada gehien eta antzar burua eraman zuena “Erresaka” koadrilako Pello Alfonso Muniozguren izan zen. Antzar naturalari burua kendu zion 3. jasoeran, beraz, beretzat txapela eta 300 euroko saria! Horretaz gain, “Drogosuak” koadrilako Alvaro Galletebeitia izan zen harrapatzaile guztietatik jasoera gehien egin zituena, guztira 10 altzada eginda! Berarentzat 300 euroko saria! Dotoretasunaren saria aldiz, 43. potinak eraman zuen, POTOSORRI koadrilak alegia, ibilbidea 34 segundotan egin zuen eta 14 puntu eskuratu zituen. Gogoratu, sari banaketa bihar, irailaren 7an, 20:30etan izango da plazako eszenatokian. Zorionak irabazleei! 2.- GIRO APARTA BAJADA EGUNEAN Irailaren 1ean goizetik buruhandiak eta Don Terentzio eta Doña Tomasa ibili ziren kalerik kale, Itxaropena txistularien musikarekin, jai giroa berotuz. Arratsaldean berriz, Lekeitio mota guztietako mozorroz jantzi zen! 33. Kuadrilen bajadan giro aparta eta jantzi oso originalak ikusteko aukera izan genuen. Ezin falta, noski, musika. Beste batzuen artean, Lekitto musika banda eta Aittitta Makurra txaranga izan ziren bajada animatzearen arduradunak. Ildo beretik, nagusien artean “Indianoak” eta umeetan “Induak” izan ziren mozorro onenen irabazleak. Sari berezia “Euskal Flamekoek” eraman zuten eta Kitto saria “Moulin Rouge”-ek. Eta kuadrilen bajada ostean, denak plazara. Txupinazo botatzearen arduradunak, Dei eitteko lanbidean ibilitakoak izan ziren. Giro zoragarria beraz Lekeition, San Antolinak modu ezin hobetan hasteko! 3.- 70 EKINTZA SAN ANTOLINETAN Jakina da San Antolin jaietan gustu zein adin ezberdinetarako ekintzak aurkitu ditzakegula. Aurten ere horrela izaten ari da eta guztira 70 jarduera izango ditugu jaietan zehar. Lekeitio jai giroz janzteko, Udalak eta Jai Batzordeak ekitaldi mordoa antolatu dituzte. Horien artean, su artifizialak! Noski, ezin falta Lekeition hain berezia den suzko zezena. Aurten guztira festetako 6 egunetan izango dugu kalean eta ume zein nagusiak zezenaren aurretik ziztu bizian korrikan jarri ditu eta oraindik jarriko ditu. Gastronomiak ere badu bere tokia jaietan, izan ere paella txapelketak bere 24. edizioa ospatu du aurten. Irabazleek sorpresa edarra eraman zuten. “Zer diñozu” 15 urte bitarteko neska koadrilak irabazi zuen. Aurkezten ziren lehenengo aldia eta txapela eta saria eraman zuten! San Antolinak musika eta kontzertuz betetako jaiak dira eta noski, herritarrek ere abestu eta dantzatzeko aukera berezia izan dute: Play back-a. Aurten 28. edizioa ospatu dute eta plazara hurbildu zirenek dantza eta barre egiteko aukera paragabea izan zuten bertan. Nagusietan irabazlea Madonna eta Kalakan-en “Sagarra Jo” kantua antzeztu zuen taldea izan zen eta umeetan “Piruletak” izan ziren garaipena lortu zutenak “Grease” pelikularen abestiekin! Esku pilotak ere badu aparteko tokia jaietan Akarregi torneoarekin. Antzar egunean ospatutako final handian Artola eta Larunbek lortu zuten garaipena Elezkano II eta Rezustaren aurka. Santi Brouard Pilotalekua bete beteta egon zen pilotari ospetsu hauen partidua ikusteko. 22-18 markagailuan eta garaipena bikote urdinarentzako. 4.- SAN ANTOLINAK AMAITZEKO KIROL ETA MUSIKAZ BETETAKO EGUNAK IZANGO DITUGU Gaurko egunaz gain, barikuan eta zapatuan hainbat ekintza izango ditugu San Antolinei agur esan aurretik. Besteak beste, bihar buruhandiak eta Don Terentzio eta Doña Tomasa kalerik kale ibiliko dira jaietako haien azken agerraldian. Arratsaldean berriz, kirola izango da protagonista. 19:00etan pentatloia izango dugu, Amandarri Triatloi Taldearen eskutik. 2013an azken aldiz egin ostean, aurten berreskuratu egingo da. Eta ondoren, 21:00etan 25. Altuera jauziko txapelketa egongo da plazan Tximista Kirol taldeak antolatuta. Eta gauean… punta puntako taldeak izango dira plazako oholtzan: Sustrajah band, Skakeitan eta Tremenda Jauria. Bestalde, zapatuan, egun osoan zehar ume zein nagusientzako ekintzak egongo dira. Gainera, Itxaropena txistularien kontzertua, Sonidos de Mexico Mariatxiak eta Fito & Fitipaldis taldearen tributuak jarriko dute musika. Hori bai, egun honek berezitasunen bat badu Anteroren ezkutatzea da. Eta ondoren, Koittaduarekin aurtengo San Antolinei agur esango diegu. Espero dugu jaietan ondo pasatu izana! Hurrengo astean ikusiko gara berriz Udaletik albistegian! Ondo izan!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak