UDALETIK 10-15

2020-10-15
1. COVID19 KASUAK GORAKA DOAZ LEKEITION Koronabirusaren pandemiak asko aldatu du gure bizimodua. Segurtasun neurrietara ohitu behar izan gara eta gure egunerokotasunean aldaketak egin behar izan ditugu. Lekittarrok egoera honi aurre egin diogu eta neurriak jarraitu ditugu, baina zein izan da egoeraren eboluzioa azken asteetan? Datu hauek hurbilagotik ezagutzeko Lekeitioko anbulatorioko zuzendari berriarekin egon gara. “Aurreko astetik hasi gara ikusten nola gure intzidentzia gero eta handiagoa dela. Hori aurreko asteko astelehenean izan zen. Eta egia esateko, barikurako zifrak oso larriak ziren. Aste honetan gero eta txarrago jarraitu dugu. Baina azken bi egunetan antza baretu egin da apur bat. Baina ezin dugu horretan konfiantza jarri, bi egunetako gauza bat izan da eta. Alde batetik ona izan zen orain dela hilabete batzuk ez genuela hainbeste kutsadura izan eta jendea ez zen gaixotu horrenbeste. Baina horrek beste alde bat dauka, gure immunitatea birjina da. Hau izaten da sute bat izango balitz bezala, gu daukagu mendi lehor lehorra, pentsatu behar dugu hau puntu batean hasten dela eta zabaltzen doala. Arazoa da immunitaterik ez dugula, horregatik oso erraz zabaltzen da. Aurreko astean ikusi genuen batez ere jende gaztea zela kutsatuta zegoena, baina aste honetan zabaldu da jada, eta ikusten ari gara batez ere 70 urtetik gorakoak direla. Bidali mezu bat herritarrengana, esaten kontuz ibiltzeko. Ezinbestekoa da neurriak mantentzea, maskarila ipintzea, eskuak sarritan garbitzea eta besteekiko distantzia mantentzea. Kontuz batzarrekin, batez ere etxeetara joaten garenean senideetako bat ikustera.” Bestalde, bizi dugun egoera honen aurrean, Uribarren Abaroa egoitzatik adierazi dute neurriak hartuko direla bisitak hartzeko orduan. Arau berri hauek familiakoei jakinaraziko zaizkie egunotan. 2. BONO DENDA ESKURAGARRI HURRENGO ASTETIK AURRERA COVIDak sortutako krisiaren aurrean, Lekeitioko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresei bultzada emateko asmoz, Bono Denda kanpaina jarriko da martxan bigarren aldiz urte honetan. Aurretik, ekainean zehar egin zen ekimena udalaren eta Kitto merkatari elkartearen artean. Oraingo honetan, eskualdeko beste udalerriak eta merkatari eta ostalari taldeak batu dira ekimen honetan, “Lea-Artibai Bonua” martxan jarriz. Lekeitioren kasuan, bonu hauek turismo bulegoan egongo dira eskuragarri urriaren 20tik 28ra bitartean. Bonoak 15 euroko prezioa izango du eta 20 euroko balioa, hau da , 5 euro aurreztu ahalko dituzue! Pertsona bakoitzeko bi bono eskuratu ahalko dira gehienez. Lekeitioko Udalak 20.000 euro inguru bideratuko ditu ekimen honetarako, herriko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko helburuarekin. Parte hartu nahi duten negozioek urriaren 20ra arte izango dute izena emateko epea zabalik leartibai@leartibai.com helbidera idatziz edo Garapen Agentziako bulegoan. 3. EMAN IZENA EUSKARALDIAREN 2. EDIZIOAN “Aurten Euskaraldian parte hartzeko online izen ematea lehenetsiko da. Hala ere, Lekeition online izen ematea egiteko aukera ez dutenentzat,izen emate mahaiak jarriko ditugu. Mahai hauek udaletxeko eskaileratan jarriko dira urriko eta azaroko domeketan zehar, azaroaren 15era arte. Eguerdiko 12:30etik 14:30era bitartean. Euria eginez gero kontzijopean egongo dira mahaiak.” Aurreko edizioan moduan, ahobizi eta belarriprest rolekin parte hartuko dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ariketa sozialeko parte hartzaileek. Euskaraz badakizu, egin lasai edonon eta edonori. Eta hitz egin ez arren, ulertzen baduzu, euskaldunei euskaraz egiteko eskatu. Animatu eta eman izena Euskaraldian! 4. GAZTEEK BIZI DUTEN EGUNGO EGOERA EZAGUTZEKO PARTEHARTZE PROZESUA 15 eta 29 urte bitarteko gazteek, gazteriaren arloko politikei buruz duten iritzia eta hauek nola baloratzen dituzten jakiteko inkesta jarri da abian Gaztedi programaren barnean. AMAIA ALONSO AREITIO - KALE HEZITZAILEA Amankomunazgoak, eskualdeko beste 12 udalerriekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, urtero Gaztedi programa aurrera eramateko hitzarmena sinatzen dute. Gaztediren barnean programa ezberdinak garatzen dira, nahi dena da 15 eta 29 urte bitarteko gazteen parte hartzea eta haiei hitza eman. Horretarako, alde batetik galdetegi bat dago, bertan erantzunak emateko, sareetatik zabalduko dena. Eta bestetik, eztabaida talde batzuk edo parte hartze talde batzuk sortuko ditugu. Hemen Lekeition azaroan izango da, ostiral batean. Sareetatik zabalduko da lekua, eguna eta ordu zehatza zuen parte hartzea izateko.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak