EGUZKI ETA HARITZALDE ELKARTEEK EHUNKA ZUHAITZ-HAZI EREIN DITUZTE LOURDES TXIKIN

2020-01-07
Ia 3 urte bete dira Donostiako Udalak Lourdes Txikin zuhaitz sarraskia ahalbidetu ez ezik sustatu egin zuenetik. Triskantza hura leuntze aldera malda lehengoratzeko eta zuhaitzak birlandatzeko eman zuen hitza, baina 32 hilabete pasata bere horretan darrai. Hortaz, Eguzki eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteek elkarlanean bertako zuhaitzen ehunka hazi ereiteari ekin diote. Haritz kandudun, lizar eta astigar zuriaren haziak bildu genituen eta soildutako eremuan sakabanatu ditugu sinbolikoa izan nahi duen ekintzan. Hilabete hauetan guztietan Udalak ez du hitza bete: malda ez da berreskuratu, kanpoko espezie inbaditzaileaz bete egin da, hala nola Panpako belarra (Cortaderia selloana), budleia (Buddleja davidii) edo sasiakazia (Robinia pseudoacacia), jabeei ezarritako, edo behintzat agindutako isunen inguruan ez dakigu ezer eta, egun, basoak zuen babesak airean jarraitzen du. Horregatik guztiagatik, 3 urte bete behar diren honetan Eguzki eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteek Lourdes Txikiko txikizioa gogora ekarri nahi izan dugu ekintza sinboliko honen bidez. Salatu nahi dugu Donostiako Udalaren jarrera eta dagoen gardentasun eza. Arduragabekeriaz jokatu zen eta kalte itzuliezinak eragin ziren. Hilabete hauetan guztietan Udalak ez du bere hitza bete. Lourdes txikiko maldatik kanpoko espezie inbaditzaileak kendu behar dira eta bertako zuhaitzak landatu behar dira lehenbailehen. Soberan ditugu Klima Aldaketaren inguruko adierazpen panpoxoak gero babestutako basoak edo gelditzen zaigun berde-apurra kontserbatzeko gauza ez bagara. Estrategiak estrategia, Lourdes Txikik zuhaitzak behar ditu, herritarrok behar ditugu.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak