UDALETIK 08-30

2018-08-30
UDALETIK 08-30 1.- SAN ANTOLINAK HASTEAR DAUDE San Antolin jaiak ate joka dauzkagu!! Zapatuan hasiko da iraila, eta berarekin batera, Lekeitio jai giroz jantziko da, herria kultur eta kirol ekintzaz betez. Ekintza guzti horien artean, kontzertuak, kirol jarduera eta kultur ekintzak aurkitzeaz gain, aurten nobedadeak ere egongo dira, besteak beste, irailaren 1ean eskolapean ere kontzertua izango dugu, umeentzako eskaintza handituko da irailaren 6an eta pentatloia berreskuratuko da. Irailaren 1ean, 12:00etarako Don Terentzio eta Doña Tomasa erraldoiak, buruhandiekin batera herrian jai giroa berotzen hasiko dira. Aurten, urteetan Dei eittekoak izan zirenek eta egun San Pedroetan figura hau berreskuratzeko lanean dabiltzanek botako dute txupina. Era berean, Mikel Gabiola, aurtengo egitarauaren kartel lehiaketako irabazleak, berak egindako irudiaren inguruko azalpenak eman zituen. 2.- AKARREGI ESKU PILOTA TXAPELKETA IRAILAREN 2, 3 ETA 5EAN Lekeitioko Santi Brouard Pilotalekuak punta puntako pilotariak hartuko ditu Akarregi txapelketan. San Antolin hauetan, berriz ere, gorengo mailan dauden Olaizola II, Aretxabaleta, Artola, Larunbe, Altuna III, Zabaleta, Elezkano II eta Rezusta lehiatuko dira. Finalerdiak irailaren 2an eta 3an izango dira eta irabazleek final handia jokatuko dute antzar egunean. Partidu guztiak 17:00etatik aurrera izango dira. Ezkurdia, Irusta edota Arretxe II.-a bezalako pilotarien partidak ere aurkituko ditugu kolore berria estrainatuko duen Santi Brouard pilotalekuan. 3.- MUSIKA JAIETAN PROTAGONISTA Musika gustuko dutenek aurten ikaragarri gozatuko dute jaietan ia egunero izango ditugun kontzertuekin. Irailaren 1ean, Oihan Vegak jarriko du musika jaiei hasiera emateko. Eta ondoren, Nogen eta Glaukoma taldeen kontzertua izango dugu plazan. Gainera, 23:30etan, eskolapean ere musika izango dugu aurreko hamarkadetako abestiak gogoraraziko dituen disko dantzarekin. Irailaren 2an, berriz, Lekittoko Musika Banda eta “I love 80’s” izango dira domeka girotuko dutenak. Irailaren 4an, Aittitta Makurra txaranga eta Play back-a arduratuko dira erritmoa eta umorea jartzeaz. Gogoratu Playback Txapelketan izena emateko epea zabalik dagoela. Bitali Tabernan edota kultur etxean apuntatu behar da irailaren 3a baino arinago. Antzar egunean, goizean Itxaropena txistulari taldearen kalejira eta arratsaldean Tex & sun flower seed eta Dj Txako japoniarrak, Xabi Solano eta Oxabi taldearen erromeria izango ditugu. Eta irailaren 7an ere, punta puntako kontzertuak egongo dira Lekeitioko Sustrajah Band, Skakeitan eta Tremenda Jauriarekin. Eta jaiei agur esateko, irailaren 8an, Itxaropena txistularien kontzertua, Aittitta Makurraren kalejira, Sonidos de Mexico mariatxiak eta Fito & Fitipaldis-en tributua egingo duten Wilson & Willsonetis izango ditugu plazan. 4.- ANTZAR EGUNEAN ZAPIAK, TXAPAK ETA BANDERAK ERASO SEXISTEN AURKA Jai giroan zein beste edozein egoeratan ezin da onartu inolako eraso sexistarik. Mezu hau indartzeko, aurten, antzarretan parte hartzen duten potinetan aldarrikapen hau egiteko bandera, txapa eta zapiak eramango dituzte. Gogoratu, emakumeen kontrako indarkeria denon ardura da, beraz edozein erasoren aurrean aktiboa izan behar da gure jarrera.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak