UDALETIK 04 26

2018-04-26
1.- UDALEKUETAN IZENA EMATEKO EPEA ZABALIK MAIATZAREN 3TIK AURRERA Maiatzaren 3an irekiko da 2018ko Udalekuetan izena emateko epea eta zabalik mantenduko da 25era arte, azken hau barne. Bertan egingo diren ekintzen artean, jolasak, tailerrak, ginkanak, irteerak eta beste hainbat egongo dira. Lekeition erroldatutako haurren aste beteko matrikula 70 eurokoa izango da eta erroldatuta ez daudenentzat 90 eurokoa. Plaza mugatuak egongo dira eta gutxieneko partehartzaile kopurua egon beharko da. Izen ematea Udaleko Gizarte Zerbitzuetan egin beharko da goizeko 9etatik 14:00etara, 94 603 41 00 telefono zenbakian edota agurtzane-ongintza@lekeitio.eus helbidean. 2.- BONO KANPAINA MARTXAN BIHARTIK AURRERA Bueltan da berriz Bono kanpaina. Bihartik aurrera,  herriko hainbat saltokitan erosketak egitea merkeagoa izango da Kitto elkartea, Lekeitioko Udala eta Lea Artibai Garapen Agentziaren elkarlanari esker. Beraz, bonoarekin 5 euro aurrezteko aukera egongo da. Hau, kanpaina honetan parte hartzen duten saltokietan egongo da eskuragarri, zehazki bonoaren kartela jarrita dutenetan eta haietan zuzenean erabili ahal izango da. Era berean, ekimenean parte hartu nahi duten saltokiak Udalean aurkeztu beharko dira maiatzaren 11 aurretik, azken hau barne. 3.- ASTEBURUA EKINTZAZ BETETA DATOR Asteburu honetan ez dago aspertzerik, herrian hainbat ekintza izango baititugu! Bihar bertan, barikua, 18:00etatik aurrera Lea Artibaiko Rally Txapelketako kotxeen aurkezpena egingo da plazan eta 19:00etatik aurrera Zapran Gagoz! Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren bideoklipa aurkeztuko da Ikusgarri Zine Aretoan. Herriko traolak produkzioak ekoiztutako bideoklipak, Xabier Amurizaren letra eta Unai Egia eta Iñigito Txapelpunken ahotsa ditu oinarri. Zapatuan berriz, rallyarekin jarraituko dugu, izan ere, goizeko 9etatik aurrera Lea Artibai Rally Txapelketari hasiera emango zaio Lekeitio eta Mendexa arteko zubian. Ondoren, 10etan, Auzolan Eguna ospatuko da Abaroa lorategian. Bertan, lorategiko mantentze lanak, hamaiketakoa eta txorimamuak egingo dira. Bestalde, Lekitto Musika Bandaren Udabarriko kontzertua izango dugu Andra Mari Elizan, arratsaldeko 8etan. Eta azkenik, domekan, Lekeitioko Mendi Martxa ospatuko da plazatik hasita. Gogoratu bi ibilbide izango ditugula. Luzea goizeko 8etan hasiko da eta laburra 10etan. Oraindik ez duzula izena eman eta joan nahi duzula? Ba egunean bertan ere izena emateko aukera daukazu!! Hurbildu zaitez martxa hasi baino 30 minutu arinago eta eman izena!! Bestalde, apirilaren 27tik 30era, Nahia Coelloren "Akuarelak" erakusketa egongo da ikusgai Barandiaran Aretoan. Eta bukatzeko, maiatzean zehar helduentzako Euskal Dantza ikastaroak egingo dira. Izena emateko epea irekita dago jada eta bihar eta zapatuan ere apuntatu daiteke Kultur Etxera joanda. Ikastaroan bi maila egongo dira, hasiberrientzat eta aurretik ibilitakoentzat eta matrikula 20 eurokoa izango da. 4.- ERREPORTAJEA: GATIBU LEKEITION Gutxitan entzungo zenuten talde batek hiru egun jarraian, hiru kontzertu herri berdinean eman dituela. Baina gure herriak zerbait berezia badu eta Lekittarrek Ikusgarri Zine Aretoa bete zuten Gatiburen hiru kontzertuetan. Erreportaje osoa Traola Produkzioak eta Lekeitioko Zinemazaleen elkarteko sareetara duzue ikusgai. 5.- ZINEA CAMPEONES Markok mozkorrarekin gidatzen zihoala poliziaren ibilgailu bat jo zuen eta mutil minusbalidoen saskibaloi talde bat entrenatzen bukatu. Bortxazko lana gogoz bestera eta optimismorik gabe hasi bazuen ere, bere krisi existentzialetik irteteko lagungarri suertatu zitzaion.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak