UDALETIK 12-27

2018-12-27
1 - ATZO OSOKO BILKURAN ONARTUTAKO ERABAKI AIPAGARRIAK Atzo, abenduak 26, Osoko Bilkuran, besteak beste, Lekeitioko udalak 2019ko aurrekontuak onartu zituen. Datorren urterako Udalak 8.437.488,00 euro izango ditu. 2019ko lehentasunak ondokoak izango dira: Udal gobernuak dituen konpromisoak betetzea, udal eraikinak baldintza egokietan eta hobetzeko inbertsioak egiten jarraitzea, herria irisgarriagoa egitea, arazoak sortzen dituzten guneei irtenbidea ematea, kaleetan hobekuntza lanak burutzea, hezkuntza arloan inbertsioak egiten jarraitzea: eskolan eta Iturriotzen inbertsioak, musika eskolan inbertsioak, ikastola eta eskolako ekarpenei igoerak eta abar. Herri Antolamendu Plan Orokorrari dagokionez, behin behineko onarpena eman zaio dokumentuari. Udalerriko lurzoruaren erabilerak definitu eta arautzen dituen plan honi 20 alegazio egin dizkiete herritarrek. Egin beharreko aldaketak eta Genero ikuspuntua txertatu ondoren, atzo, Osoko Bilkuran, HAPO berriari onarpen probisionala eman zitzaion eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen sailera eta Lurralde Antolamendurako Batzordera bidaliko da, erakunde hauen oniritzia jasotzeko. Bukatzeko, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartuko zen, Udalean euskara indartu era areagotzeko, bai zerbitzu hizkuntza bai lan hizkuntza bezala euskararen erabilera bermatzeko. Era berean, Lekeitioko Udalaren Euskararen Plan Estrategikoa ere onartu zen, hau da, euskara herrian sustatzeko estrategiak jasotzen dituen dokumentua. 2 - PIROTEKNIA ERABILTZEAREN ARRISKUA Ikusita, azken urteetan gabon zaharretan piroteknia erabiltzeko ohitura handia hartu dela eta horrek, herritar askorengan sortzen duen eragozpenez gain, sutea sortzeko arrisku handia sortzen duela. Gainera, jakina da, animaliek ere asko sufritzen dutela hauek erabiltzean sortzen diren zaratekin. Beraz, piroteknia ez erabiltzea eskatzen da herritarren eta herriaren segurtasuna bermatzeko. 3 - URTEA ONDO AMAITZEKO HAINBAT EKINTZA IZANGO DITUGU Gabon egun hauetan hainbat kirol jarduera izaten ari gara. Atzo hasi ziren abenduaren 30era bitartean iraungo duten Lekeitioko Futbol taldeak antolatutako umeentzako IV. gabon futbol topaketak eta Marierrota Boleibol taldearen boleibol gabon kopa. Ildo beretik, gaur, Garraitz kirol taldearen igeriketa gabon kopa ospatu da trinketean, taldearen 30. urteurrenaren ospakizunen barnean. Bestalde, bihar Pupu eta Loreren “euri tanta banintz” ikuskizuna izango dugu Ikusgarri zine aretoan 17:30etatik aurrera. Zapatuan berriz, Lekitto Musika Bandaren gabon kontzertua ospatuko da Andra Mari elizan arratsaldeko 20:00etan. Egun berean, iluntzean, Aratuste Alai estudiantinaren eskutik, Gabon Kantak izango ditugu Abaroa Uribarren egoitzan eta ondoren, kalerik kale. Bestalde, abenduaren 29 eta 30ean Gabonetako Pala Txapelketa ospatuko da Santi Brouard frontoian arratsaldeko 18:00etatik hasita, Akarregi pilota kirol elkarteak antolatuta. Eta urtea ondo amaitzeko, abenduaren 31an bi ekintza izango ditugu. Alde batetik, San Silbestre lasterketa ospatuko da goizeko 11:00etatik aurrera, kiroldegiak eta tximista atletismo taldeak antolatuta. Eta bestetik, 12:00etan hasita Itxaropena txistulari taldearen eta Lekitto Musika Bandaren kalejirak izango ditugu. Beraz, urtea bukatzeko gustu guztietarako ekintzak izango ditugu Lekeition! 4- ERREPORTAJEA: SANTO TOMAS AZOKA Aurreko barikuan Santo Tomas azoka ospatu zen Lekeition. Ortuariak, gaztak, frutak edota txakolina bezalako produktuak ikusi ahal izan genituen bertan, baina baita ere, eskualdeko abeltzainen hegaztiak, zaldiak, idiak edota behiak. Gainera, Udalaren eta Lea-Artibai Landa Garapenerako alkartearen eskutik antolatutako azokan mahairik onenaren saria ere eman zen eta irabazlea Alejandro Arrieta izan zen. Aurreko urtean ere mahai onenaren saria irabazi zuen Alejandrok eta hori lortzeko bere sekretua kontatzen digu. Guztira, lehen sektoreko 38 ekoizle eta artisau etorri ziren Lekeitiora, horietatik 15 Lea Artibai eskualdekoak. Urteetan zehar egin den azoka honen helburua nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleen lana erakustea da eta, aldi berean, produktu hauen kontsumoa bultzatzea. Eguraldia eta giro onaren laguntzaz, aurten ere Santo Tomas egun paregabea izan genuen.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak