[Udako Kalera Martxa] 6.eguna: Getariatik Hernanira

2017-07-26
Simone gizarajoak martxa utzi behar izan zuen atzo, min hartuta. Ibiltariek bideotxo bat eskaini zioten sare sozialen bidez, animoak emateko. Grabazioak ezustean harrapatu omen zuen Simone, eta gaur goizean eskerrak emanez audio bat bidali digu ibiltari guztioi, Getariatik irten aurretik. Indarra eman digu eguna ondo hasteko. Eutsi goiari, Simone! Gaur espero baino beranduxeago ibili gara goizean. Izan ere, jende pila bat gerturatu da izena ematera eta irteera atzeratu egin da. Erritmoa, baina hartu dugu, bai horixe. Andoni Ortuzar jeltzalea martxan ikusi dugu. Ez, ez gure martxan, bere martxan baizik. Ondotik pasatu da. Gu Getariatik Zarautzera gindoazen eta bera alderantzizko bidea eginez zihoan. Guk presoak, iheslariak eta deportatuak kalean egoteko eskatzen geunden bitartean, bera kontrako norabidean joan da, bere maisu Mariano Rajoy ibiltzeko darabilen modu xelebre hori imitatu nahian. Beste behin ere, auzolotsa sentitu dugu. Bistan da: Orturentzat eta buruzagi jeltzaleentzat presoen auzia ez da garrantzitsua. Guretzat, eta jendarteko esparru zabal batentzat, bai. Hain zuzen, Zarautzera iritsitakoan, Arkaitz Rodriguez Sortuko bozeramaileak hedabideen aurrean nabarmendu du lehentasunezkoa dela euskal preso politikoak etxeratzeko bide-orri bat adostea euskal gizartearen baitan. “Armagabetzearen aferak frogatu zuen Estatuak boteretsuak direla baina ez direla inondik inora garaitezinak. Komentzituta gaude herri mobilizazioarekin eta eragileen eta instituzioen arteko elkarlanaren bidez lortuko dugula euskal preso politikoak kalera ateratzea, lortuko dugula errefuxiaturik gabeko eta deportaturik gabeko etorkizun bat”, adierazi du. Presoen aldeko mezua zabaldu dugu Zarautzen. Normaltasuna eta bizikidetza lortzeko, presoek eta iheslariek kalean egon behar dutela aldarrikatu dugu. Turistei egoera politikoa zein den azaldu diegu. Eta inguruetan zebilen jende pila bat batu zaigu. Ehunka lagunek PRESOAK KALERA! oihukatu dugu. Ozen. Egunez egun, gero eta indar handiagoa hartzen ari da Kalera Martxa, horrela errazago eragingo dugu. Errepidetik oinez, mendiz eta barkuz ibili gara orain arte. Arratsalde honetan, ordea, trena hartu dugu, Zarauztik Usurbilera. Usurbildarrek besoak zabalik hartu gaituzte. KALERA KALERA dinamikarentzat leku berezia da Usurbil han hasi baitzuen ibilbidea. Gabonetan bezala, probalekuan eseri gara. Eta Hernanin demasa izan da. Jendetza, giroa, aldarrikapena! Nekea eta emozioak pilatzen ari zaizkigu ibiltarioi. Azken txanpara iristen ari gara. Gogotsu gaude bihar ere ekiteko.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak