Apirilaren 22an langile publikook grebara joateko arrazoiak baditugu: Enplegu gehiago eta egonkorra!

2021-04-20
Euskal administrazioetako enpleguaren arazoa oso aspalditik dator, eta konponbiderik jarri nahi izan ez zaionez, okerrera doa, jakina. Pribatizazioen errezeta zaharraren osagai bat da: lanpostuak ezegonkor bihurtu, hustu, malgutu... eta zerbitzu publikoen kalitatea kaskartu. Hau nahita eginda dago, ez da zoritxar bat. LABek urtero administrazio ezberdinekin negoziatzerakoan, EAEko edo Nafarroako gobernuetatik hasita azken udaleraino enplegua jarri du lehentasun: enplegu planak adostea, behar den enplegua sortzeko, eta ez nolanahikoa: egonkorra! Langileek aspalditik, baina epaitegiek ere arrazoia eman digute oraingoan: kontratazioetan iruzur handia dago, behin-behinekotasun tasa onartezinak, eta egituretan edo lanpostu zerrendetan agertzen ez diren lanpostu asko dago. Pandemiak langileok beti salatu izan dugun arazoa argiago jarri dio jendarteari: euskal administrazioek gardentasun, kudeaketa eta baliabide arazo handia dute. Era txapuzeroan eta agintekeriaz jokatzen du Jaurlaritzak, eta langileon ahalegin itzelak ez dira nahiko gabezia horiek estaltzeko, eta ez dira balioan jartzen txalotxo batzuez gain: baliabideak behar dira! Langileok ezinbesteko baliabide gara, jende asko falta da, eta bai, prekaritate handia dago! Behin-behinekotasuna prekaritatea eta zapalketa da! Esan bezala, epaitegiek arrazoia eman digute, eta behin-behinekotasun tasak eta honek pertsonengan duen eragina agerian utzi dute. BAINA EZ DUTE ARAZOA KONPONDU, eta pilota agintarien teilatuan jarraitzen du. Gobernuen errezeta zaharrek ez dute funtzionatu, eta ez dugu horietan itxaropenik jartzen. Deialdi publiko eskasak izan dira, eta eskasak proposatzen jarraitzen dute; ezkutuko lanpostuez ez dute hitz egin nahi; kontsolidaziorako proposamenak murritzegiak; kidego eta eskalen lege proposamen eznahiko batekin “marroia” gainetik kendu, eta Madrilera, EPOE edo EBEP delakoari begira jarri nahi gaituzte xalo-xalo. SALBUESPEN EGOERAN GAUDE, bai. PLANTILLAK handitu egin behar dira; RATIOAK hobetu; LAN ZAMA jasangaitzak zuzendu. Horretarako LEGEA PROPIOAK behar ditugu: agintariak, erakundeak, alderdiak... horretara jarri, langileoi eragiten dizkiguten atalak langileokin adostuta, noski. Lege horiek TRESNA eta BERMEA izan behar dira, tokian tokiko errealitatearen arabera negoziazio kolektiboaren bitartez konponbideak adosteko: behin-behinekotasunaren gehiegikeriarekin amaitu; pribatizazioekin amaitu eta publifikazioak planifikatu; plantillak gaztetu, aurrejubilazioak erraztuz. Alegia, salbuespen egoera hauek ez errepikatzeko tresna legalak behar ditugu. Irtenbide kolektiboa negoziazio kolektiboaren bidez eman behar zaio. Eusko Jaurlaritza gustura dago egoerarekin: langileak zatikatzen, guztiok Madrilera eta epaitegietara begira, eta pribatizazioak eta prekarietatea irabazle. LABek langileok mobilizatzen jarraitu behar dugula berresten du: APIRILAREN 22an DENOK GREBARA!
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak