Errigora berriro ere prest "euskarari puzka" emateko

2019-11-09
Gaur Ablitasen auzolanean Errigoraren 7. kanpainako eskaerei erantzuteko 6.000 saski beltz egin dituzte. Azaroaren 20a arte eskaerak egiteko aukera izanen da. Nafarroa hegoaldeko zein Euskal Herriko hamaika txokotako dozenaka lagun bildu dira gaur Ablitasen, auzolanean, milaka saski osatzeko. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren bidez 6 kanpainatan 1.000.000€ bideratu du Errigorak zonaldean euskara sustatu eta euskararen aldeko jarrerak indartzera eta, aurrerantzean ere, lan horretan jarraitu nahi dute. Izan ere, "oraindik ere asko dago lortzeko normaltasunez euskara ikasteko zein euskaraz aritzeko", dio Errigorak. Horretarako, baina, gaur egindako saskiei jabea topatu behar zaiela azpimarratu dute. Urriaren 30ean abiatu zuten Errigoraren 7. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina eta azaroaren 20an bukatuko da. 200 herri baino gehiagotan, ehunka boluntario ari da asteotan informazioa zabaldu eta eskaerak jasotzen, auzolanean. Izan ere, auzolana da kanpaina honen oinarri nagusietakoa: horri esker da posible 3 saskietako bat eskatu eta salneurriaren %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzera bideratzea. Gaurko egunean, inguruko herritarrak eta Euskal Herriko bazter guztietatik etorriak bildu dira, auzolanean, milaka saski osatzeko. Lan pixka bat eginez hasi dute eguna, baina hau bukatuta, aisialdirako eta parrandako tarterik ere izan da. Aurten kanpaina indartu nahi izan dute eta, beraz, berrikuntzak egin dituzte. Esaterako, 3 saski eskaintzen dituzte: Saski beltz klasikoa, 50 eurotan, saski berde bat produktu guztiak ekologikoak dituena, 60 eurotan, eta saski zuri berezia, 70 eurotan. Bestalde, diru ekarpenaren zati bat Agerraldia ekimenera ere bideratuko da. Eta hori da beste albisteetako bat, Agerraldia ekimena jaio dela Errigorarengandik, hain zuzen ere. Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskaltzaleak saretzeko sortu da eta euskara sustatzeko estrategiak bertatik bertara erabakitzeko. Erronka da euskararen ezagutza erraztea, erabilera sustatzea eta euskararen aldeko jarrerak bultzatzea, eta euskararen presentzia handitzea ildo desberdinetan: Kulturan, aisian, kirolean, alor sozio-ekonomikoan eta instituzionalean. "Helburu handiak ditugu lortzeko eta guztion ekintza txikiekin lor daiteke. Eskaintza berrituz saskien eskaeretatik ateratzen den diru ekarpena indartzeko apustua egin dugu. Arnasa handia da Nafarroa erdi eta hegoaldeko ikastolentzako, AEK euskaltegientzako eta D ereduko ikastetxeentzako", dio Errigorak. Gogoratzen dutenez, "oraindik orain, instituzioetatik jasaten diren eskubide urraketei aurre egiteko ezinbestekoa da euskararen alde gaudenon elkartasuna lantzea eta, zer hobeto, Nafar produktu bikainez osatutako saskiak eskatzea baino".
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak
urtea
1123