UDALETIK 07-05

2018-07-05
Z1.- SKATEPARK-A EGITEKO LANAK MARTXAN Lekeition egin daitekeen kirol eskaintza zabalari, beste aukera berri bat gehituko zaio hurrengo asteetan. Urteetan egindako eskaria betez, skatepark-a egingo da Larrotegi kirolgunean, zehazki futbol zelaiaren ondoan. Duela aste batzuk hasi ziren lanei esker, Lekeitioko skate zaleek aukera anitzeko gunea izango dute eskura. Gune honen diseinua Lekeitioko skaterrekin elkarlanean egin da, haien behar eta nahiak betetzeko helburuarekin. Skateparkaren kokapenerako kontuan izan dira Larrotegin praktikatzen diren gainontzeko kirol guneak, denen arteko elkarbizitza azken finean. Lanak hurrengo asteetan amaitzea aurreikusten da. Gogoratu gainera, uztailaren 28an Skate eguna ospatuko dela. Goizean umeentzako ekintzak egongo dira eta arratsaldean kontzertuak zein profesionalen erakustaldia. 2.- LEKEITIOKO LAGUNKOITASUN DIAGNOSTIKOTIK ATERATAKO EMAITZAK Duela aste batzuk, Lekeitioko lagunkoitasun diagnostikoaren emaitzen aurkezpena egin zen. Bertan, aurreko hilabeteetan egindako sesio eta inkesten emaitzak aurkeztu ziren, Lekeitio, inguruko herrietatik parte-hartze handienetako izan duena bilakatuz. Lekeitio adin guztientzako herri lagunkoia izateko herritarrengana jo zuen Udalak partehartze prozesu bat zabalduaz. Ateratako ondorioen artean ondorengo hauek aurkitu ditzakegu. Inkesta erantzun duten pertsonen arabera Lekeitio nahiko herri garbia eta atsegina da. Ez da herri zaratatsua, eta ez da oso merkea. Gainera, parte hartzaileen gehiengo zabalak uste du adinekoak asko errespetatzen direla. Aldiz 80 urte baino gehiagokoak errespetua baxuagoa dela diote. Lekeitioko lagunkoitasun diagnostikoaren inguruko informazio eta emaitza guztiak zeintzuk izan diren ezagutzeko, sartu www.lekeitio.eus webgunean. 3.- HURRENGO EGUNETAN GUSTU GUZTIETARAKO EKINTZAK IZANGO DITUGU Asteburu honetan, Ama Dominikarren fundazioak, elizbarrutiko emakumezko komunitaterik zaharrenak, 650 urte beteko ditu. Azken sei mende eta erdian, Santo Domingo komentuak Lekeitiorekin lotura du, 1368tik geroztik, gaur egun arte. Hori dela eta, bihar 18:30ean “Santo Domingo, sei mende eta erdi Lekeition” izeneko hitzaldia egongo da komentuko elizan. Bestalde, egun hauetan Juan Isasiren akuarelen erakusketa dugu Barandiaran aretoan.”Lekittotik Lekittora” izen pean, herri toki ezberdinetako margolanak erakutsiko ditu Isasik domeka honetara arte. Eta domekan, Lekitto Musika Bandaren bailableak izango ditugu plazan 20:00etatik aurrera. Asteartean, uztailak 10ean, San Kristobal egunean, Elektrotxaranga egongo da eskolapean arratsaldeko 20:00tatik gaueko 23:00tara Burrunba taldearekin Eta asteazkenean, Isuntza Arraun Elkarteak antolatuta, Bizkaiko traineru txapelketako estropadak ospatuko dira arratsaldeko 19:00etatik aurrera Isuntzako badian. Eta ostegunean, uztailak 12, Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia izango dugu Kultur Etxeko Azkue Aretoan, arratsaldeko 19:00etan
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak