Elikagaien Galerari eta Xahuketari buruzko Kontzientziazioaren Nazioarteko Eguna

2020-09-29
Irailak 29, Nazio Batuen Batzar Nagusiak lehenengo aldiz sustatzen duen Elikagaien Galerari eta Xahuketari buruzko Kontzientziazioaren Nazioarteko Eguna da. Egun hori COVID-19aren pandemiak eragindako egoera berezi batean sortu da. Pandemia horren ondorio ekonomiko eta sozialek agerian utzi dute zein garrantzitsua den nekazaritzako elikagaien sektorea elikagaiak modu seguruan hornitzean. Ekoizpen jasangarria eta elikagaien segurtasunaren eta nutrizioaren sustapena inoiz baino garrantzitsuagoak dira egun. Ildo horri jarraikiz, egun horrek balio behar du gure arrantzale eta baserritarrek eta Euskadiko elikaduraren balio-kateko enpresek (ekoizpena, eraldaketa, banaketa) egindako lana eta ahalegina berriz gogoratzeko eta eskertzeko; izan ere, erakutsi zuten egoerak eskatzen zuen mailan jardun zutela, batez ere konfinamenduan bizi izan genuen egoera zailean. Gaur kontziente izan behar dugu zein garrantzitsua den elikagaien galeraren eta xahuketaren arazoa, dakartzan ingurumen , ekonomia- eta gizarte-ondorioak oso larriak baitira. Munduan ekoizten diren elikagaien herena xahutu egiten da, kontsumitu gabe. NBEk, Garapen Iraunkorreko Helburuen bidez, proposatu du 2030. urterako erdira murriztea elikagaien xahuketa txikizkako merkataritzan eta kontsumitzaileen artean, eta Euskadik bere gain hartu du konpromiso hori. Xede hori aurrean, Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataformak (2018an sortua) 100 enpresa eta elkarte baino gehiago biltzen ditu, eta xede du ahaleginak batzea eta elikagaien xahuketaren aurka lan egitea. Denbora-tarte horretan, lantaldeak eta sentsibilizazio- eta prestakuntza-jarduerak jarri dira abian, eta 2020. urtean hainbat erronka planteatu zaizkie gizarteari eta elkarteei, elikagaien xahuketa murriztu ahal izateko.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak