7KATU GAZTETXEA - OBRA ETA KONPONFESTAK

2019-05-26
7 Katu gaztetxetik martxoan abiatutako obraren berri ematera gatoz oraingoan. Duela 2 hilabete, gaztetxearen biziraupenerako funtsezkoa zen obra martxan jartzea erabaki genuen. Ez zen erabaki erreza izan, eraikinaren egitura berregokitzea exijitzen zuelako, horrek dakarren lan-karga eta diru inbertsioarekin. Oztopoak oztopo, ilusioz ekin genion lanari eta obraren plana zein berau finantzatzeko plan ekonomikoa diseinatu genituen. Plan ekonomiko horren baitan, Konponfestak antolatzea erabaki genuen, jakinda obra bukatu gabe egoteko arriskua zegoela. Bi hilabeteren ostean, esan beharra dago ez garela gai izan obra aurreikusita genuen denboran egiteko, hau da, uste baino gehiago atzeratu gara. Alde batetik, obra guztiz baldintzatzen zuten kanpo-faktore batzuk ez direlako espero bezala irten eta bestetik, pentsatu baino lan gehiago suposatu digulako. Hau kontuan hartuta, maiatzaren 30, 31 eta ekainaren 6 eta 7ko Konponfestetan gaztetxea zabalduko dugu, espazioa martxan jartzeko moduan dagoelako, baina garrantzitsua deritzogu zuei helaraztea obra ez dela guztiz bukatuta egongo. Hala ere, argi utzi nahi dugu bidea oso aberasgarria izaten ari dela. Denbora honetan, gauza asko ikasi ditugu: sistema elektrikoetatik hasita pintura mota ezberdinak bereizteraino; rotaflex batekin aritzetik ateak kendu eta jartzeraino; zementoa eta eskaiola erabiltzetik armairu eta baldak inprobisatzeraino. Baina batez ere, antolakuntza eta elkarlanaren garrantzia baloratzen ikasi dugu. Zailtasunak zailtasun, asanbladako zein asanblada kanpoko lagunen ekarpenari, indarrari eta lanari esker izan da posible aurrera egitea, beraz, milesker obra honetan era batean edo bestean eskuak (edo poltsikoak) zikindu dituzuen guztioi. Eta esker bereziak gaztetxea aspaldi utzi zenuten arren, oraindik zuena sentitzen duzuen horiei. Besarkada handi bat eta Konponfestetan ikusiko dugu elkar! GORA AUTOGESTIOA, GORA OKUPAZIOA ETA GORA 7 KATU!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak