Anjel Lertxundi - Demagun ehun urte barru

2016-12-07
Transkripzioa / Transcripción: Demagun ehun urte barru Demagun gutun zuri bat idazteko eskatzen dizutela. Demagun zure hizkuntzan idatzi nahi duzula. Demagun Rimbaud etorri dela zutaz galdezka. Demagun, ordea, ditxosozko gutun zuria idazten harrapatu zaituela. Demagun Rimbaudek zure hizkuntzari ehun urte eskaseko bizitza geratzen zaiola esan dizula eta Etiopiarako bidea hartu duela gero. Demagun Rimbaudek frantsesa ere, goizago edo beranduago, desagertu egingo zela uste zuelako utzi ziola idazteari. Demagun denbora kontua dela hizkuntza guztiak desagertzea. Demagun “demagun” itzuli egin behar dela. Demagun “Demagun” hitza itzultzea zaila dela. Demagun Shakespearek euskaraz zekiela eta esan dizula “Demagun” hitza itzulezina dela! Demagun, hala ere, “Demagun” hitza itzultzea erabakitzen duzula. Demagun itzulpena dela mundu honetan librea den gauza bakarra. Demagun hizkuntza hegemoniko batean idazten duzula. Demagun hizkuntza hori dela dakizun bakarra. Demagun kosmopolita zarela. Demagun probintzianoak garela. Demagun Gombrowicz Euskal Herrira etorri zela Argentinara joan ordez, eta zu ez zinela enteratu ere egin. Demagun Borgesek ez zintuela ikusi behizain gisa, tango-kantari gisa baizik. Demagun hizkuntza askotara itzultzen dutela zure lana. Demagun zure hizkuntza ez dakien jendeak edo software batek itzultzen duela zure lana. Demagun irakurle gehiago dituzula atzerriko hizkuntzatan zure hizkuntzan baino. Demagun deprimitu egiten zaituela zeure liburuen itzulpenak irakurtzeak. Demagun ispilu deformanteen galeria batean sentitzen zarela, Orson Welles “Shangaiko dama” filmean bezala. Demagun felix-felix bizi zarela, zure lanak ongi itzuliak dauden ustean. Demagun zure lanen itzulpenak jatorrizkoak baino gehiago gustatzen zaizkizula. Demagun zure burua zerorrek itzultzen duzula. Demagun zeure burua itzultzea mediku batek bere buruari ebakuntza egitearen pareko dela. Demagun, mingarria dela. Demagun mina dela literaturaren funtsezko gaietako bat. Demagun gonbidapen bat jasotzen duzula. Demagun bestearen larruan jartzeko eskaera bat dela gonbidapen hori. Demagun Hemingway bertsolari-plazetara ere joaten zela. Demagun Marcel Proust Errexilen uda pasatzen Paulino Uzkudunekin. Demagun zergatik ez duzun zuk ere gure gonbidapena onartuko. Demagun Europako hizkuntza nagusi batean idazten duzula. Demagun Europako hizkuntza ttipi batean idatziko bazenu zer sentitu eta zer idatziko zenukeen jakin nahi dugula gonbidapen horren bidez. Demagun Donostian ebatziko dela kontua. Demagun 2016ko abenduaren 12 eta 13an dela . Demagun itzultzaileak mamuak direla pentsatzen dugula, baina ez direla egiaz mamu, literaturen arteko zubi baizik. Demagun, beraz, itzultzaileak ere gonbidatzen ditugula. Demagun hau guztia dela hemen, Donostian, hainbat idazle eta itzultzaile bilduko dituen auzia... Demagun, gau eta egun guk guztiok bakea dezagun. Demagun.