UDALETIK 05-17

2018-05-17
1.- HOMOFOBIA, LESBOFOBIA, TRANSFOBIA ETA BIFOBIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA Gaur, maiatzak 17, Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta Lekeitioko hiru ikastetxeetako ikasleek adierazpen bateratua egin dute aldarrikapen sendoa egiteko. Adierazpena gaur goizean plazan egin den konzentrazioan irakurri dute. Ikasleek ostadarraren koloreekin jantzitako kamisetekin bandera erraldoia osatu dute. Sexu orientazio zein genero identitate ezberdinen aurka ematen diren eraso eta diskriminazioak ezabatu egin behar direla azpimarratu dute ikasleek. Argi eta garbi zabaldu dute euren mezua: DENOK GARA BERDINAK, ERRESPETATU DEZAGUN BAKOITZAREN NORTASUN ETA IZAERA!!! 2.- LEKEITIOREN HIRIGINTZA INKLUSIBOA AZTERTZEKO IBILALDI PARTE-HARTZAILEA Hiri antolamendu plan orokorraren barnean, Lekeitioko hirigintza inklusiboa aztertzeko ibilaldia egingo da herrian zehar. Bertan, edozein herritarrek parte-hartu ahal izango du, maiatzaren 24an, osteguna, arratsaldeko 18:00etan eskolapera hurbilduz. Ibilbide honekin, azken hilabeteetan Lekeition egindako HAPOaren elkarrizketa eta inkesta ezberdinei jarraipena ematea bilatzen da, Lekeitio bere herritarren beharrizanetara gehiago hurbiltzeko helburuarekin. 3.- ASTEBURUAN: LEKEITIOKO FUTBOL TALDEA ZORIONEKO ETA IPARRALDEKO HAIZEAK-EN EDIZIO BERRIA Lekeitio futbol taldeko nagusi eta kadeteak ohorezko mailara igo ziren aurreko asteburuan. Garai ederra igarotzen ari da taldea, une honetan Lea-Artibaiko talde sendoena bilakatu dela erakutsiz. Urte guztiko lan gogorrak bere fruituak eman ditu beraz, eta hau ospatzeko, zapatu honetan, harrera berezia egingo zaie udaletxeko balkotik. Zorionak hau posible egin duzuen guztiei! Bestalde, aurten ere, 18. aldiz, Iparraldeko Haizeak ospatuko da Lekeition. Maiatzaren 18tik 20ra, hau da, bihartik domekara arte, ekintzaz betetako egitaraua izango du Aittitta Txiki kultur elkarteak antolatutako jaialdiak. Bertan, txarangak, dantza emanaldiak eta beste hainbat ekintza egongo dira. Eta noski, ezin falta hain herrikoia den gixau txapelketa. Hau zapatuan goizeko 10:00etan hasiko da eta aurkezpenak 13:30etan egingo dira. Eta domekan, jaialdia amaitzeko, bertso saioa izango dugu Ikusgarri Aretoan 17:30etatik aurrera, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sustrai Colina eta Igor Elortzarekin. Sarrera 6€koa izango da, eskuragai Aralde dendan edo domekan bertan takilan. 4.- BILBOKO OPERA PREZIO TXIKIAN LEKITTARRENTZAT ABAO-OLBE eta Lekeitioko Udalak, opera herritarrei hurbiltzea nahi dute. Hori dela eta, maiatzaren 27an, domekan, Vincenzo Belliniren “Norma” izeneko opera ikusteko aukera paregabea egongo da. Kultur Etxean izena emanda, 40 euro ordainduta operarako sarrera eta autobusez Bilborako joan etorria izango dute herritarrek. Ikuskizun honetan, Norma izeneko apaiz emakumeak Polion erromatarrarekiko sentitzen duen maitasunari buruzko istorioa kontatzen da, azken aldian egin den opera ederrenetako batean. Gogoratu aukera honetaz baliatzeko, Kultur Etxean eman beharko duzuela izena eta azken eguna, maiatzaren 23a izango da. Animatu eta zatoz operaz gozatzera! 5.- ZINEA DEADPOOL 2 Behi-eraso ia hilgarri batetik bizirik atera ondoren, Wade Wilson, kafetegi bateko chef itxuragabetua, lekuko zerbitzaririk ospetsuena izateko ametsa betetzen ahaleginduko da, dastamen galerarekin bizitzen ikasten ari den bitartean. Bizitza poztuko dion zerbaiten bila dabilela munduan, ninjen, yakuzen eta txakur sexualki oldarkorrez osatutako talde baten kontra borrokatzea tokatuko zaio, baina bidaia horretan jabetuko da familiaren garrantziaz, adiskidetasunaren balioaz … eta gustu berri batez ere jabetuko da: abenturarako gustuaz. Gainera, ‘ Munduko amorante onena ’ dakarren katilu gutiziatua ere irabaziko du. 6.- ASTEBURURAKO GIRO EGUZKITSUA GAILENDUKO DA Gaur zeruan hodeiak eta urginguneak tartekatuz joan dira. Termometroak berriz ere pitin bat igo dira eta 20 ºC eta ingurura hurbildu dira. Ipar eta ipar-mendebaldeko haizea nagusitu da. Ostiralean hodeiak ugariagoak izango dira eta euria egin dezake. Giroak moteltzera egingo du eta hodeiak izango dira nagusi ia egun osoan. Horrez gain, litekeena da tarteka euri apur bat egitea. Zapatu goizean zerua zertxobait eztalita agertuko da baina egunak aurrera egin ahala hodeiak desagertuz joan eta giro eguzkitsua gailenduko da. Tenperaturak antzekoak izango dira. Domekan giro eguzkitsua izango dugu egun osoan zehar. Haizea iparraldetik jarraituko du eta ondorioz termometroek ez dute asko igoko, hala ere, 20ºC-en muga gaindituko dute. Hurrengo astea giro lehorrarekin jarraituko dugu eta tenperaturak ere gorako bidean jarraituko du.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak