AZAROKO ALBISTEGIA

2022-12-02
Azaroa ere hilabete trikoa izan da. Batuz Aldatu adostasun sozialeko batzar orokorrarekin hasi genuen azaroa, eta bertan, hizkuntza-politiken arloz arloko lehentasunak definitu genituen, baita adostasun politikorako norabidea jorratuko duen Talde Eragile anitza aurkeztu ere. Jarraian etorri ziren Jauzirako Prest! Euskararen unibertsalizazioari buruzko bigarren jardunaldiak, eta bertan, proposamen sendo bat egin genuen, helduen euskalduntzea sustatzeko neurri estrategikoak biltzen dituena. Besteak beste, sektoreko eragileekin batera, bi erronka nagusiri heldu nahi diegu: ikasketen doakotasunari eta helduek euskara ezagutzeko beharra sentitzeari. Halaber, herri ekimenetik sortutako dinamikekin ere bat egin dugu hilabete honetan: esaterako, Pantailaldiarekin, Gaztealdiarekin eta Euskaraldiarekin. Baita, Seaskarekin batera, Bordelen Baxoa eta Brebeta azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko manifestazioan. Gainera, nazioartean ere ibili gara, Galesen eta Friulen, Hezkuntza Lege berrirako proposamena eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkezten. Eta nola ez, ezin aipatu gabe utzi berri pozgarriak ere jaso ditugula: Irulegiko Eskuaren aurkikuntza, kasu. Pozgarria, eta paradixokoa ere, gaur egun euskara ofiziala ez den zonaldean agertu baita. Erronka are potoloagoei heltzeko bidean ere bagara, ordea, eta abendua izango dugu horren lekuko. Batetik, hezkuntza arloan egitasmo berri bat abiatzeko puntuan gara. Abenduaren 3an, egon adi gure sareei. Eta bestetik, aro berri bati hasiera ematekotan gara. Abenduaren 6an, Kontseiluak 25 urte beteko dituen egun berean, Idurre Eskisabeli idazkari nagusi berriari emango diot testigua, eta hemendik ere egin nahi nioke ongietorria. Ekitaldi berezia egingo dugu Durangon, eta zuei guztiei ekitaldira bertaratzeko gonbidapena ere luzatu nahi dizuegu. Izena-emateko, eta Kontseiluaren jardunaren berri jasotzen jarraitzeko, bisitatu gure webgunea eta sare sozialak. www.kontseilua.eus
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak