1 Lezama | Herria

2020-09-10
Lezama Txorierri bailaran dago. Herriaren erdigunea lau-xamarra bada be, mendiz inguratuta dago: Urrestimendi eta Ganguren batetik, eta Irurimendi edo Ibarburu bestetik. Mendiek ez eze, Asua errekeak eta bertara ura isurtzen daben errekastoek be, garrantzi handia euki dabe eguneroko bizimoduan zein herriko jarduera ekonomikoan. Bide bik kurutzatu izan dabe herria alderik alde: Gernikatik etorren kaltzadeak eta Asua-Erletxe errepideak. Gaur egun Txorierri igarobideak be Lezamako lurrak zeharkatzen ditu. Auzo nagusiak Garaioltza, Goitioltza eta Aretxalde dira; lekukoek Kurtze be aitatzen daben arren. Aretxalde izan da beti herriaren bihotza eta gaur egun bertan bizi dira lezamar gehienak. Berton dagoz udaletxea, plazea; altutxuan zaindari Andra Mari eleizea, etxe eder eta dotorez babestuta, ondoan kanposantua dauala. Hemen batzen dira herriko zerbitzu, denda, zein tabernak. Herriaren itxuraldaketa eta hazkunderik nabarmenena erdigune honetan emon da. Auzoetan, ostera, baserri sakabanatuak eta familia bakarreko etxeak dira nagusi gaur egun be. Baserri-etxeen artean batzuk goraipatu geinkez, kasurako: Torretxe, Oxangoiti, Olazarra, Goitizuri... Garaioltzan Mikel Zarate abadearen omenez egindako plazea dago. Mikel, 'Etorriaren Zorabioz' bizi izan zan, 'Bilbo Irribarrez' jarri guran, 'Ipuin antzeko Alegi mingotsak' ahoan-da, beti euskeraren aldeko 'Haurgintza Minetan', bere Ekidazuko habian. Zoritxarrez, oso gazterik hil zan, hamaikatxu lan egin ondoren, gure Lezamako Txori Kantaria. Haren oroitzapenak luzaroan be bizi-bizirik iraungo dau lezamarren artean. Ezin itxi aitatu barik herria eta Bilbo lotzen dituan trena, bere eragin ekonomikoa oso handia izan dalako. 1895ean inaugurau zan. Hasieran, ikatzez ebilen trenak Mallonako Galtzadetatik Kurtzera bitarteko ibilbidea egiten eban. 1995etik aurrera, trena erdigunera heltzen da. Lezamako jai nagusiak irailean ospatzen dira, andramariak, eta jaiei hasiera indartsu eta adoretsua emoteko herritarrek mortziladea edo odoloste-jana egiten dabe tabernetan. Horrez ganera, herriko hiru ermitetan, Santa Kurtzen, San Bizenten, eta Leginako San Antolin eta San Roken; eta Bolalekuan eta Goitioltzan be egiten dira aparteko jaiegunak. Ekintza eta ospakizun ugari egiten diran arren, txapelketa gastronomikoak izaten dira ardatz. Garai baten Lezaman gehienak baserritarrak eta nekazariak izanik, danak sindikatoan alkartu eta San Isidro be jaiegun handi lez ospatu izan da, idi-proba-ta guzti. Lezama, txori-herri kantaria, etorkizuna asmatzen.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak