Gazteok euskara gabe... EZKARA!

2018-05-17
Errealitate desitxuratu baten aurrean hazi eta bizi garen gazteak gara. Globalizazio kapitalistak “mendebaldeko gazte guztien” neurrira eraikitako identitate eta nortasun artifizial baten preso. Munduan bataz beste 2 hizkuntza galtzen dira hilero eta populazioaren %95ak munduan existitzen diren 6000 hizkuntzetatik %5a soilik darabil. 70. hamarkadan hasitako euskararen normalizazio prozesuak goia jo eta hizkuntzaren asimilazio prozesu bihurtzeko bidea hartua du aspaldi. Oraingo hizkuntza-politikek euskararen normalizazio prozesua amaitutzat ematen dute eta hizkuntza eskubideak bermatuak daudenaren ustea hedatu dute alde bateko zein besteko erakunde eta instituzioek. Euskararen etorkizunaren zama guztia euskal hiztunon sorbaldetan eskegi dute, euskararen biziraupena norbanakoaren hautu pertsonal eta “asketik” etorriko delakoan. Urteetan zehar sortutako komunitatean sakontzen jarraitzea dagokigu euskal gazteoi. Euren kultura hegemonikoaren kontrako alternatibak eraikitzen, sistema kapitalista eta heteropatriarkalaren oinarri-material eta ekonomikoak suntsituz eta horretarako berau justifikatzen duten gizarte-harremanen, hierarkien eta ohituren aurka egingo duen komunitate bat gorpuzten. Has gaitezen euskaraz eta euskaratik pentsatzen, has gaitezen gure herrietan gazte mugimenduaren akuilu izango diren hausnarketak pizten, euskaren inguruan hausnartzen, euskaraz eta euskaratik eraikitzen. Soilik euskaraz antolaturiko herriak lor baititzake helburu handiak.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak