1766ko Matxinadie

2016-04-14
250 urte igaroko dira apirilaren 14an, Azpeitiko Matxinada bezala ezagutu izan den altxamendua burutu zenetik Azpeitian, Azkoitian eta Gipuzkoako hainbat herritan. Gure historiaren ezagutza oso eskasa da tamalez, eta eskasagoa askoz, zapalduon ikuspegitik kontatutako historia. Bestalde, testuliburuek eta hainbat “jakintsuk”, 1776an Azpeitiko herritarren miseriaren erantzule ziren burges ilustratuak (Azkoitiko zalduntxoak...) goraipatzen dituzte, eta guri berriz burges ilustratu berberen menpe jarraitzen dugula ahaztu zaigu. Bada euren izena duen ikastetxerik ere, Karmelo Etxegarai hain zuzen. Halere, zorionez badira gurean gai hauek gordintasunez azaleratzen ari diren zenbait norbanako. Krisi egoera batean murgildurik zeuden 1776an. Gosea nagusi zen, garia gorde egin zuten burgesek prezioa igo eta kanpora saltzeko... Eta noski baserrien eta lurren jabeak jauntxoak ziren nagusiki. Zerbait egin beharra ikusirik, zapalketaren jabe izanik eta erantzuleak nor ziren argiturik borrokaren bidea hartu zuten azpeitiarrek. Euskal Herrian kapitalismoaren sustatzaile izan zirenen aurkako oldarraldian batu ziren herriko baserritar, etxekoandre, artisau, Loiola eraikitzen ari ziren harginak eta mota guztietako langileak. Lehen gariarekin espekulatu zuten modu berean espekulatzen dute gaur egun ere hazi eta elikagaiekin, etxebizitzekin edo gure aurrezkiekin. Baserrien eta baserritarren lanaren jabe zirenak, gaur egun, lur-sail handien, industriaren, finantza entitateen eta era guztietako produkzio bitartekoen jabeak dira, gure lanaren eta bizitzaren jabeak. Polizia Gipuzkoako Aldunditik bidali zuten herria jipoitu eta isilarazteko, egun Ertzaintza bidali ohi dute Eusko Jaurlaritzatik. Orduko jauntxoak gaurko bankeroak dira, gaurko espekulatzaileak, politikariak, epaileak, gure lanabesen eta lanaren jabeak. Gure herriko historiak, eta tartean, errepresioak zapalduriko altxamendu hark, irakaspen ugari utzi dizkigu eta hauetatik ikasi eta borroka berrabiatu beharra dugu. Elementu asko aldatu badira ere, lehengo zapaltzaileak gaur egungo zapaltzaile berberak dira eta orduko zapalduak gaur egungo zapalduak gara. Hau honela, burgesiaren pribilegioekin eta sistema kapitalistarekin amaitzea premia larritzat daukagu. Lantegien, lanerako bitartekoen eta lur sail handien jabetza pribatuarekin amaitu eta soldatapeko lana, dirua eta merkatu sistemarekin apurtzea dagokigu guri, gizakiak gizakia zapaltzen duen azken aldia izan dadin. Orduan ausartu ziren, orain zergatik ez? Azpeitiko Gazte Asanblada
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak