Sektore publikoaren lan baldintzak berton erabakitzearen alde hamarnaka lantokitan mobilizatu gara

2022-11-22
“Sektore publikoan enplegu duina, eros ahalmena bermatu, berton erabaki” lelopean LABen daramagun mobilizazio dinamikaren barruan, hamarnaka mobilizazio egin ditugu Hego Euskal Herriko lantokietan. Xabier Ugartemendia Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkaria Bilbon egon da, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean eta mobilizazioen zergatia zehaztu du: “Langile publikook geure lan baldintzak hemen erabakitzea, erosahalmena bermatuta izatea eta enplegu duina nahi ditugulako”. Madriletik inposaketa baino ez dator, eta gure erakunde publikoak oso eroso daude inposaketa horiek aplikatzen. Baina Madrili men egite horren atzean, gure erakunde publikoko agintariek berton negoziatzeko duten borondate falta ezkutatzen da. EAEko zein Nafarroako gobernuek, aldundiek, udaletxeek, eta beste hainbat erakundek, ez dute langileekin ezer adostu nahi. Lan baldintzak inposatzea da nahi dutena. Nahikoa da! Euskal Langile publikook geure lan baldintzak berton negoziatzeko eskubidea dugu. Entzun dezatela argi eta garbi gure agintari politikoek. Berton negoziatu geure enplegua hobetzeko eta egonkortzeko; erosahalmena bermatzeko; zerbitzu publikoak ez pribatizatzeko eta ez murrizteko, indartzeko baizik. Hau da, benetan kalitatezko zerbitzu publikoak izateko. LAB enplegu eta zerbitzu publiko duinak lortzeko borrokarekin konprometituta dago, eta hauek defendatzeko borrokarekin jarraituko du. Dei egiten diegu gure erakunde zein alderdi politikoei konpromiso berdina hartu ditzaten, eta langile publiko guztiei helburu hauen aldeko borrokara batzeko. Hamarnaka mobilizazio Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan Araban, Amurrio eta Laudioko Udaletan eta Gasteizi dagokionez, Lakuan, Tuvisan eta Osakidetzako bulego nagusian egingo dira mobilizazioak. Bizkaian, Durango, Bilbo, Bermeo, Gernika, Ondarroa, Lekeitio, Galdakao, Arrigorriaga, Erandio eta Leioako udaletan mobilizatu da LAB; baita Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean ere. Gipuzkoan, Donostia, Pasaia, Oiartzun, Orereta, Ordizia, Tolosa, Andoainen eta Antzuolako udaletan eta Dbuseko hiriburuko kotxeretan. Eta Eibarren, Haurreskolak Partzuergoan. Azkenik,  Nafarroari dagokionez, Iruñean mobilizatuko da sindikatua, Gobernuaren Jauregiaren aurrean.
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak