[Udako Kalera Martxa] 3.eguna: Lekeitiotik Ondarrura

2017-07-22
Lekeitiotik Ondarrurako bidea egin du gaur Kalera Martxak. Bi herrien arteko 14 kilometrotako kostaldeko bidea sigi sagatxua da. Presoak kaleratzeko bidea bezalaxe, bihurria. Lasai eta eguraldi ederrez hasi da eguna Lekeition, goizean ez baitzen etaparik. Horren ordez 12:30etan presoak euskal herriratzearen aldeko ekitaldi xumea egin da Abaroa parkean. Espetxeko eman dezake parkeak, harresisz inguratuta eta garita eta guzti. Baina harresi hauen ateak irekita daude zorionez herri ekimenari esker eta han presoak Euskal Herritik urruntzen dituzten murru sendoak gainditzeko borondatea azaldu da. Bertan lore landaketa egin da, presoak euskal herriratzearen aldeko sinboloa landatu eta ureztatuz. Oier Lorente preso ohiak komunikabideentzat adierazpenak egin ditu. Presoak kalean izan arte ez dela normalizazio politikorik izango eta borrokarako deia egin du. Lehen helmuga gisa uztailaren 30ean Lakuntzan egingo den Hatortxu Rock jaialdiko ekitaldi nagusia. Itxaropena eta bizi berria sinbolizatzen duen Guernica lorea martxako lagun kuadrila eta familientzat fotocall bilakatu da. Gaur aurreko egunetan baino jende gehiago espero dela esan du martxalari batek baino gehiagok. Ez zebiltzan oker. Asteburua izatea eta eguraldi onak lagundu dute horretan. Herriko zenbait elkarte gastronomikotan bazkaldu ondoren 15:30etan abiatu da martxa Ondarrura tipi tapa. Luze luze eginda, errepide bihurrian ez da ia momentu bakarrean ere ikusi martxa osorik. 400 bat lagun bildu dira izena emandakoen eta bestela azaldu direnen artean. Tartean martxa egiten Flandriako Euskal Herriaren lagun zahar bat aurkitu dugu. Karel Sterckx gaztetan hasi zen hona etortzen. Kontatu digunez, 15-16 urte zituenetik urtean behin baino gehiagotan etortzen da. Gaztetan flandriako mugimendu independentistako nazioarteko kidea zen. Jarrai eta Haika gazte erakundeetan lagun ugari egin zituen. Orain haietako batzuk espetxean daude. Oporretara etortzekoa zen udan eta komunikabideetan martxaren berri izanda, bertan parte hartzea erabaki du. Harrera beroa Ondarrun, Ibon Iparragirre gogoan 18:45 aldera iritsi da martxa Ondarrura. Harrera beroa egin diote lehenengo trikitilariek eta ondoren txistulariek. Ibon Iparragirre preso gaixoa kaleratzearen aldeko pankarta martxaren buru jarri eta hala egin du zubi zaharrerainoko bidea, txistulariek lagunduta kantuz, lepoan hartu eta segi aurrera. Kalera kalera.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak