Lan duina eta bizi duinaren aldeko ekimen ibiltaria

2017-10-30
Furgoneta bat dabil Euskal Herrian barna, industrialdeetan zein herriguneetan, kilometroak eta kilometroak egiten. Haren bozgorailuetatik Lan duina, bizi duina leloa ari da etengabe zabaltzen, isildu gabe hedatzen. Bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duen eredua eraiki nahi baitu LAB sindikatuak eta halaxe ari da aldarrikatzen herriz herri, eskualde eskualde. Prekarietateari buruzko erakusketa, ekintza sindikaleko tailer, informazio orri banaketa, delegatuen batzar, elkarretaratze, hitzaldi eta bertzelako mobilizazioen bidez ari da furgoneta hori lan zentroetan eta karrikan langileen eskubideen aldeko mezua barreiatzen. 35 orduen bitartez lana banatzea; benetako kontziliazio neurriak hartu eta korrespontsabilitatea lantzea; jubilazio adina 60 urtera aurreratzea; aparteko orduak bukatzea; enplegu publikoa sustatzea; (Hego Euskal Herrian) 1.200 euro garbiko gutxieneko soldata ezartzea... Horiek guztiak eta gehiago ardatz harturik, klase subjektua bere osotasunean proiektatu eta kolektibo zehatzei eskaintza zehatza egiten die LABek. Lan duina, bizi duina ekimen ibiltariak urriaren 6an hasi zuen ibilbidea Iruñean, eta abenduaren 6an Durangon bukatuko. Eta tartean, Euskal Herriaren luze-zabala ari da zeharkatzen, langileen aldarrikapenak bertatik bertara entzuten eta zabaltzen.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak