UDALETIK 03-28

2019-03-28
1.- ERRALDOI BERRIAK IZANGO DITUGU LEKEITION Aurten, Don Terentzio eta Doña Tomasak lagun berriak izango dituzte San Pedro jaietan, izan ere gure betiko erraldoiei bikote berri bat gehituko zaie. Irunen kokatuta dagoen tailer honetan, gure erraldoi berriak egiten ari dira. Hauek Antero eta Saregina izango dira. Antero egiteko, Joaquin Sorollaren margolan bateko pertsonaia eta San Antolinetan bajatzen den panpina hartu dira oinarritzat. Saregina berriz, Lekeitioko azken sareginen laguntzarekin diseinatzen dabiltza. Momentuz sareginak ez du izenik, baina ziur herritarrek laster jarriko diotela. Don Terentzio eta Doña Tomasari gehituko zaizkien bikote berri hau, San Pedroetarako etorriko da Lekeitiora bizitzen eta beso zabalik hartuko ditugu! 2.- LEKEITIOKO MENDI MARTXA MAIATZAREN 5ean Lekeitioko Mendi Martxa maiatzaren 5ean ospatuko da eta bertan parte-hartzeko epea apirilaren 1etik 30era bitartean egongo da irekita, biak barne. Aurten ere bi ibilbide egongo dira aukeran. Alde batetik, bide luzeak 21,5 km izango ditu eta Lekeitiotik irten eta Ispaster, Amoroto, Berriatua eta Mendexatik igaroko da, gero Lekeitiora bueltatzeko. Irteera goizeko 8:00etan egingo da plazatik. Ibilbide laburra bere aldetik, 10:00etan hasiko da, 9,5 km izango ditu eta Lekeitio, Ispaster, Mendexa eta Amoroto zeharkatuko ditu. Ibilbide luzeak 13 euroko kuota izango du eta laburrak 11 eurokoa. 14 urtetik beherakoek, ibilbide batean zein bestean, 8 euro besterik ez dituzte ordaindu beharko. Izen-ematea zein ordainketa online egin daiteke www.lekeitio.eus helbidean edota Santi Brouard Kiroldegiko harreran. Informazio gehiago 94 624 30 05 zenbakian eta kiroldegia@lekeitio.eus –en. 3.- KITTOK UDABERRIKO KANPAINA HASI DU Kalitate oneneko produktuak eskuratu nahi? Lasai, ez zara urrutira joan beharko, hemen bertan dituzu! Udaberriarekin batera Kitto merkatari elkarteak kanpaina berria hasi du herrian bertan erosketak egiteak duen garrantzia gogoratzeko. Lekeition erosten dugun bakoitzean, herri nortasuna indartu, lan postuak sortu eta herria bizirik mantentzen laguntzen dugu. 4.- HONDARTZAINEN LAN-POLTSA IREKIKO DU FORU ALDUNDIAK Apirilaren 1etik 23ra kurrikulumak aurkezteko epea zabalduko da Bizkaiko hondartzetan hondartzain bezala lan egiteko. Interesatuek haien kurrikuluma bidali dezakete hondartzaina@ingure.net helbidera. Informazio gehiago 94 471 30 14 telefono zenbakian. 5.- AGENDA: ERTZAK ANTZERKI TOPAKETA, IÑUDE ETA ARTZAINEN KALEJIRA ETA ZINEMA BERTSIO ORIGINALEAN Asteburu honetan, bariku, zapatu zein domekan antzerkiarekin hitzordu berezia izango dugu Ertzak topaketen lehenengo edizioarekin. Ibilaldiaren egitarau barnean dagoen ekimen honek, antzerkia bide ez konbentzionaletatik egiten dutenentzako espazio bat proposatzen du, Euskal Herri osotik hurbilduko diren antzerki talde eta bakarlariak ikusi ahalko ditugularik. Ikusgarri zinean eta Barandiaran eta Azkue aretoetan antzerkiak, tailerrak eta mahai inguruak antolatuko dituzte. Hortaz, antzerkia gustuko baduzue animatu eta parte hartu Ertzak topaketetan! Egitaraua www.ertzak.eus –en aurkitu ahalko duzue. Bestalde, zapatuan, Etorkizuna dantza taldearen eskutik, Iñude eta Artzainen kalejira ospatuko da 12:30etatik aurrera. Bertan, dantza taldeko kideek garai batean menditik jaisten ziren artzainen eta herrian zeuden iñudeen arteko gorteatzea irudikatuko dute. Trinketetik irtenda herriko kaleak zeharkatuko dituzte. Eta bukatzeko, apirilaren 4an, arratsaldeko 20:00etan “Snowden” filma proiektutako da bertsio originalean eta euskarazko azpitituluekin. Euskal Zine Bilerak antolatuta eta Zinemazaleen elkartearen laguntzarekin, Ikusgarri zine aretoan mundu mailako film entzutetsuak jatorrizko bertsioan ematea dute helburu. Gogoan izan, film honen proiekzioa dohainik izango da. Animatu eta gozatu zinemaz!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak