UDALETIK 03-15

2018-03-15
1.-  AURTEN ERE, 18-35 URTE BITARTEKO GAZTEEI ETXEBIZITZA ALOKAIRURAKO DIRU-LAGUNTZAK EMANGO DIZKIE UDALAK Bigarren urtez, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak jaso ahalko dituzte. Lekeitioko Udalak onartutako diru-laguntza programa honen helburua gure gazteek arrazoizko prezioan etxebizitzak errentan hartu ahal izatea da, horrela, autonomia eta emantzipatzea lortzen laguntzeko. Aipatutako diru-laguntza eskatzeko 18 eta 35 urte bitarteko adina izan behar dute elkarbizitza unitateko kideek eta hauetako bat gutxienez Lekeitioko udalerrian egon beharko da erroldatuta, bi urteko antzinatasunarekin. Gainera, diruz lagunduko den etxebizitza Lekeition egon beharko da eta dagokion bizigarritasun baimena izan beharko du. Salbuetsita egongo dira hilean 650,00.-euroko zenbatekoa gainditzen duten alokairuko etxebizitzak eta urte bete baino gutxiagoko iraupena duten alokairu kontratuak. Eskaera epea hurrengo astelehenean irekiko da eta azaroaren 16ra arte mantenduko zabalik. Informazio gehiago www.lekeitio.eus-en 2.- UDALAK ETA LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA EGUNKARIAK LANKIDETZA HITZARMENA SINATU DUTE Lekeitioko Udalak eta Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak bat egiten dute euskararen biziberritze eta berreskuratze premia eta helburuekin. Hori dela eta, bi aldeek hitzarmena sinatu dute, hedabideak euskararen normalizazioan egiten duen ekarpena bultzatzeko, eta eskualdean sortzen den informazioa euskaratik eta euskaraz kudeatu eta komunikatzeko. Hitzarmen honekin hedabidearen egonkortasun ekonomikoa bermatzea bilatzen da. Hori horrela, Udalak 6.000 euroko ekarpena egingo dio aurten eta baita 2019an ere. Gainera, Lekeitioko Udalak, hainbat publizitate iragarki sartzeko konpromisoa hartu du hitzan. Era berean, Kaleka eta Euskal Zine Bileran ere bi aldeen elkarlana bultzatuko da. 3.-  LEKEITIOKO BAKE-EPAILEA IZATEKO PROZESU BARRI ZABALDUKO DA Bake-epaile izendatzeko epea ireki da. Hautaketa prozesu honetatik titularra eta honen ordezkoa aukeratuko dira. Bake epaileak betetzen dituen funtzioak borondatezkoa dira, beraz, ez da ordaindutako lanpostu bat. Bake epailearen lanen artean dokumentuak sinatzea eta izenpetzea, aste barruko ezkontzak ospatzea eta auzokoen arteko bitartekari lanak egitea daude. Interesatuek, 18 urte beteta izan behar dituzte, Lekeition bizi, gaitasun eta bateragarritasunari buruzko baldintzak bete eta euskaraz hitz egiten jakin behar dute. Izendapen hau 4 urterako izango da eta izena ematea Lekeitioko Udaletxean egin beharko da, martxoaren 20tik apirilaren 20ra, azken hau barne. Informazio gehiago www.lekeitio.eus-en 4.- LEKEITIOKO MENDI MARTXA APIRILAREN 29AN Lekeitioko Mendi Martxa Apirilaren 29an ospatuko da eta parte hartu nahi dutenek izen-emate epea irekita dute apirilaren 22raino, azken hau barne. Bi ibilbide egongo dira. Alde batetik, bide luzeak 22,2km izango ditu eta irteera goizeko 8etan egingo da plazatik. Ibilbide laburrak bere aldetik, 11,5km izango ditu eta 10etan hasiko da. Ibilbide luzeak 13 euroko kuota izango du, ibilbide laburrak, 11 eurokoa. 14 urtetik beherakoek, ibilbide batean zein bestean, 8 euro besterik ez dituzte ordaindu beharko. Informazio gehiago 94 624 30 05 zenbakian eta kiroldegia@lekeitio.eus helbidean. Parte hartzaileek hamaiketako izango dute bukaeran eta kamiseta bat emango zaie sari gisa. Izen-ematea zein ordainketa online egin daiteke www.lekeitio.eus helbidean edota Santi Brouard Kiroldegian.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak